Txistu doinuekin girotuko dute San Anton eguneko iluntzea Kankinkabarako txistulariek
20:00etan hasiko dute kalejira Lameran, Andeko tabernaren aurrean.
Aurten ere, Bermeoko Kankinkabara Txistu Taldekoak kalera aterako dira San Anton Egunean (urtarrilak 17); martitzen iluntzea txistu doinuekin girotzeko ardura edukiko dute.
20:00etan jarri dute batzeko ordua Lameran dagoen Andeko Tabernan. Handik abiatuta, Portuzarrerako bidea hartuko dute.
San Anton besugos a monton dio esaera zahar batek, portuan bisiguak ohikoak izaten baitziren sasoi honetan. Garai batean txistulariek agurtzen zituzten arrantzaleak portutik bertatik, eta haiek itzultzean modu berean ematen zieten ongietorria. Kankinkabara sortu zenetik, ohitura hori berreskuratu dute txistulariek.
Urteroko ohiturari eutsita, Arrantzaleak esnatzen eta Gregorio Solabarrieta bermeotarraren Kresaletan piezak joko dituzte. Portuzarrean geldialdia egin, eta txalupa batetik bisiguak botako dizkiete, antzina egiten zena irudikatuz. Ondoren, txistulariek elkarrekin afalduko dute Andeko tabernan.