Ikasteko gela bat egokitu dute Gizarte eta Kultura Etxean
Ikasketa gela berriak liburutegiak eskaintzen duen zerbitzua indartzea du helburu; zapatuetan zabalik egongo da, 10:00etatik 13:15era eta 16:00etatik 20:15era.
Ikasteko gune berria eskatzen duten herritarren eskaerei erantzuna emanez, Bermeoko Udalak ikasteko gela bat egokitu du Gizarte eta Kultura Etxean, zapatuetan erabiltzeko.
Liburutegia astelehenetik barikura, goizez zein arratsaldez, eta zapatu goizetan zabalik egoten da. Hala eta guztiz ere, zapatuetako zerbitzua indartzeko asmoz hartu du udalak erabakia. Gizarte eta Kultura Etxeko bigarren solairuan kokatute duten ikasketa gela berria, hortaz, zapatuetan egongo da zabalik, 10:00etatik 13:15era eta 16:00etatik 20:15era.
Udal arduradunek aipatu dutenez, udaletxeko birgaitze lanak amaitzen direnean, eta egun Gizarte eta Kultura etxean dauden bulegoak bertara lekualdatzen direnean, gobernu taldearen helburua da ikasketa gela hori modu iraunkorrean zabalik edukitzea, “erabiltzaileei guztizko zerbitzua eskainiz, astelehenetik zapatura, goizez zein arratsaldez”.