"Ezin daiteke enfokatu Qatarreko ikuspuntua bertoko betaurrekoekin"
Gernika SD eta Bilbao Athleticetik igaro ostean, Iñaki Gonzalez Abadia gernika-lumotarra Qatarreko Aspire Academy akademian eta Qatarreko Federazioan koordinatzaile eta entrenatzaile dabil.
Urbietatik Lezamara eta Lezamatik Qatarrera. Zelan heldu zara haraino?
Gernikan hasi nintzen entrenatzaile, eta handik Athleticera pasatu nintzen. Mailaz maila, Bilbao Athleticeko bigarren entrenatzaile eta Lezamako bisita gidatuen arduradun izatera iri tsi nintzen. Garai hartan, atzerriko hainbat klubegaz hartu-emana sortu nuen. 2019an, Elizegiren lehendakaritza heldu zenean, ez zuten nigaz kontatu; sasoi hartan sortu zitzaidan Aspire Academyra joateko aukera. Izan ere, lau urte lehenago Lezaman lankide izandako pertsona bat zuzendari beharretan zebilen Qatarren. Orduan abiatu zen abentura hau.
Ez zenuen zalantza handirik eduki, ezta?
Ez gehiegirik. Atzerrira joateko eta beste testuinguru batzuk ezagutzeko gogotsu nengoen, eta neure bikoteari –irakaslea da– ere han beharra egiteko aukera ondo egokitu zitzaion. Horrez gain, interesgarria iruditzen zitzaidan kirola, formakuntza eta harrobia uztartzen dituen proiektu baten parte izatea. Nire pasio nagusia nerabeekin beheko mailetan behar egitea izan da betidanik.
Zer da Aspire Academy?
Bekadun jokalariekin modu integralean lan egiten duen enpresa erraldoia da. Kirola eta ikasketak uztartzea du helburu. Hainbat adinetako nerabeek horretara bideratzen dute beren egunerokotasuna: entrenatu, ikasi, bazkaldu, atseden hartu… dena gainbegiratzen du akademiak. Kirol ugaritako atletekin behar egiten dugu, ni futboleko alorrean baino ez nagoen arren; 24 orduko formazio jarraitua eskaintzen zaie Qatarreko kirolari gazterik hobeenei.
«Nire pasio nagusia nerabeekin beheko mailetan behar egitea izan da betidanik
Zelan egiten duzue lan?
Akademiak tokiko klubekin harremana dauka, eta jokalariak klub horietakoak dira. Domekatik eguenera bitartean, gugaz egoten dira, eta bariku nahiz zapatuetan beren klubekin jokatzen dute bekadun horiek. Akademiak berak lehiatu gura duenean, arropaz aldatzen dugu, eta Qatarreko selekzioa izatera pasatzen gara: Qatar Football Association. Hortaz, nik egiteko bi ditut: Aspire Academygaz nabilenean, koordinatzaile lanak egiten ditut; Qatarreko selekzioagaz, ostera, entrenatzaile gisa nabil. 11-12 urte dituztenera arte, umeak jardunaldi erdira dabiltza; 12tik 19ra artean, ostera, jardunaldi osora.
Zeintzuk dira zure egitekoak?
Batetik, 12 eta 19 urte arteko futbolarien entrenatzaileen koordinatzailea naiz, akademia barruan. Plangintzak, ariketak, taktikak eta koordinazioagaz lotutako alor denak kudeatzen ditut. Selekzioaren deialdia dagoenean, berriz, 20 urtez azpikoen entrenatzaile modura ere lan egiten dut.
Postu biak uztartzea gogorra al da?
Oso gogorra da, eta alderdi pila bat barnebiltzen du. Dena dela, ni kanpoan nagoenean, Qatarren geratzen den lantaldeak neure hutsunea bikain betetzen du. Oro har, bi postuek transbertsalitate handia daukate.
Zelan antolatzen da zeure egunerokotasuna?
Koordinatzaile nabilenean, goizean goiz, ordubeteko bilera edukitzen dugu, arinagoko eguneko errepasoa egiteko eta egun horretako plangintza finkatzeko. Jarraian, eguneko lehen entrenamendua egiten dugu, eguerdira arte. Eguneko une hori baliatzen dut, hain zuzen, nik neuk kirol apur bat egiteko. Bazkalostean, entrenatzaileen eta hezkuntza arduradunen arteko formakuntza saioa egiten dugu, akademiako psikologoagaz batera. Ondoren, eguneko bigarren eta azken entrenamendua egiten dugu zelaian. Oro har, 08:00etatik 18:30era arteko jardunaldiak izaten dira. Entrenatzaile legez, dinamika zein gidalerro berberak jarraitzen ditugu, baina ez naiz lantaldez lantalde ibiltzen, guztien arazoak kudeatzeko; neure taldeaz baino ez naiz arduratzen.
Mundu osoko lankideak dituzu, ezta?
Bai. Hori oso aberasgarria iruditzen zait, hainbat errealitate ezagutzeko aukera ematen baitizu. Selekzioan, adibidez, neure lantaldeko bigarren entrenatzailea txiletarra da; atezainen entrenatzailea, finlandiarra; nutrizionista, britainiarra; analista, serbiarra; prestatzaile fisikoa, frantziarra; fisiologoa, italiarra; medikua, portugaldarra; bi fisioterapeutak, eslovakiarra eta txekiarra; koordinatzailea, arabiarra. Horien guztien elkarlana neure eskuetan dago. Argi dago ogibide polita dela, baina ez dut ukatuko sarritan oso gogorra denik. Managerraren antzeko egitekoak dauzkat sarritan.
“Aspire kirola eta ikasketak uztartzen dituen proiektua da”
Bi postuetako zeinegaz geratuko zinateke?
Entrenatzailearenagaz. Gazteekin eta zelaian bertan lan egitea maite dut bizikien, horrek motibatzen nau gehien, momentuz.
Bidaiatzeko aukera ere eduki duzu, ezta?
Pila bat. Oraintsu Eslovenian egon naiz, eta herrialdeak liluratu egin nau, batik bat, naturagatik. Bestalde, Saudi-Arabiak izugarri harritu ninduen, bere tradizionaltasunagatik. Emirerriak zeharo ezberdinak dira. Qatar, Saudi-Arabia, Oman, Bahrain eta Dubai antzekoak dira itxuraz, baina kulturalki ez daukate inongo zerikusirik, bakoitzak bere ibilbidea egin du. Gauza berbera gertatzen da, adibidez, Turkiako inguru desberdinen artean. Datozen bidaiei dagokienez, laster Uzbekistanera joango naiz, eta gogotsu nago hura ezagutzeko.
Zelako herrialdea aurkitu duzu?
Aurreiritziz beteta joan nintzen: ekonomikoki boteretsua, baina gizarte aldetik zeharo atzerakoia zen herrialdea nuen buruan. Iritsi nintzenean azaldu zidaten gizarte baten garapena soziologikoki garapen ekonomikoagaz lotuta doala, alegia, belaunaldiz belaunaldi, geure arbasoek baino bizi baldintza hobeak ditugu. Han pasatu dena da belaunaldi berberean desertuan bizitzetik imajina daitezkeen luxurik handienak edukitzera igaro direla. Adibidez, geure aitita-amamei sakelako telefono bat goizetik gauera erabiltzen ikasteko eskatzea modukoa da. Ezerezetik abiatu, eta masa ekonomiko erraldoidun gizarte kontsumista sortu dute. Pentsamendu aldetik, baina, hemengo 50eko hamarkadan daude oraindik, zelanbait esatearren.
Gizarte hermetikoa al da?
Kontua da globalizazioaren eraginez belaunaldirik gazteenek irekidura bizi dutela, baina hainbat gai ez direla ofizialki azaleratzen, besteak beste, bikote harremak edota homosexualtasuna. Gizartea oraindik ez dago prest tabu horiek plazaratzeko. Nik ez ditut beren egoera edo erritmoa epaituko, hemengo ikuspuntutik planteatzen baititut. Argi daukat Europarren begietan euren garapen erritmoa ez dela nahikoa, baina ezin daiteke hango testuingurua bertoko betaurrekoekin enfokatu.