Bidai musikal eta emozionala
Hegoak ikuskizuna eskainiko dute bihar arratsaldean (abenduak 14), Lizeo antzokian.
Hegoak ez da kontzertu hutsa. Proposamen oso teatrala da, eta Lorca eta Pessoa bezalako idazleen testu laburrak ere lekua daukate, kantu eta autoreekin lotutako gogoeta eta istorio txikiak batzen ditu .
Garbiñe Insausti kantari eta aktore hernaniarraren eta Iñaki Salvador pianojole ezagunaren ikuskizuna bidaia musikal eta emozionala da, eta gonbidatu berezi bategaz lagunduta datoz: Maider Zapirain biolontxelistagaz.
Horien proposamen horretan, hegazti errarien moduan, hegoak izango dituzte lagun, beste leku, hizkuntza eta kantuetara ailegatzeko, haiek ezagutu eta eureganatzeko asmoz. Eta, zelan ez, baita hegoak ere, sorterrira bueltatu eta bertakoak, hemengoak, gogoratu eta maitatzeko.
Besteak beste, Laboa edo Imanolen eskutik ezagunak egin diren euskal kantuekin batera, Edith Piaf, Jaques Brell, edo Kurt Weill bezelako nazioarteko artista handien melodiak ere bisitatuko dituzte emanaldian zehar.
Inor epel utziko ez duen Hegoak ikuskizuna 19:00etan hasiko da bihar (abenduak 14), Lizeo antzokian. Sarrerak 12 eurotan egongo dira salgai, eta Laguna Txartela daukatenek, ostera, 9 euro ordaindu beharko dituzte.