Aurten ere eskualdeko garapen ekonomikoa indartzeko diru laguntzak emango dituzte
Enpresei bideratutako diru laguntzak dira, eskualdeko udalek sustatu eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutakoak.
Busturialdeko udalek, Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak eta Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintza Garapen Agentziaren bitartez, diru laguntzak emango dituzte “enplegua sustatzeko eta, horrenbestez, eskualdeko garapen ekonomikoa indartzeko”.
Jakitera eman dutenez, enpresei bideratutako diru laguntzak izango dira. Eskualdeko udalek sustatu eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako laguntzak dira; hain zuzen ere, 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitartean hasitako kontratuei zuzendutako laguntzak dira.
Interesa daukatenek otsailaren 28a izango dute eskabideak aurkezteko azken eguna. Guztira, 229.400 euro bideratuko dituzte aipatu programa abiarazteko.
Aipatu programa, gainera, berritasunekin dator aurten; izan ere, kontratuak mugagabeak izango dira, eta lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke, gutxienez, lanaldiaren %50ean. Enpresek jasoko duten diru laguntzari dagokionez, gehienez, 8.000 eurokoa izango da lanaldi osoko kontratu mugagabe bakoitzeko, eta 10.000 eurokoa, berriz, DSBEren onuradun, titular edo jasotzaileak, 35 urtetik beherakoak, iraupen luzeko langabeak edo 55 urtetik gorako pertsonak kontratatzen direnean. Zenbateko horiek, gainera, %10 gehituko dira emakumeak kontratatzen direnean.
Onuradunak, legez eratutako pertsona fisiko edo izaera pribatukoak, Busturialdean lantokia eta jarduera ekonomikoa izan beharko dute, eta kontratatua Busturialdean erroldatutako pertsona izan behar da eta Lanbiden izena emanda egon behar da.
Beste behin ere, Bermeoko Udalak bat egin du programa honekin. Bermeoko alkate Aritz Abaroaren esanetan, enplegua sustatzea eta eskualdeko ekonomiaren garapena ahalbidetzea “beti izan da eta izango da” udal gobernuaren helburuetako bat: “Aurreko edizioetako martxa onaren ostean, aurten ere, mota horretako laguntzen aldeko apustua egin gura izan dugu”.