Klimametrajeren sariak banatu dituzte
Klima-aldaketari buruzko gazteen film laburren Klimametraje lehiaketaren lehen edizioaren sariak banatu zituzten atzo [urtarrilak 11].
Brasilgo jatorria duen 28 urteko Juliana Ribeiro arkitektoak eta diseinatzaile grafikoak irabazi du Klima-aldaketak Euskadin duen eragina kategoriako saria, Ametsa bideoagatik; klima-aldaketaren ondorioei buruzko hausnarketa egiten du bertan. Era berean, Jose Carlos Perez gazte bilbotarrak Futuro sostenible bideoaren bidez kontzientziatzeko gaitasunaren aitorpena jasoko du.
Bestalde, ekintza klimatikoa bultzatzea kategorian, 22 urteko diseinu grafikoko ikaslea den Ramon Puerto gipuzkoarrari eman zaio sari nagusia, Frigo film laburragatik. Kategoria berean, herritarrak mobilizatzeko gaitasuna aitortu zaio 24 urteko Izaro Zelaia biologo eta ingurumen-hezitzaileari, Klimametraje B lan itxaropentsuagatik, non klima-aldaketa geldiarazteko irtenbideak aurkezten dituen.
Alexander Boto Ihobeko zuzendari nagusiak, Miren Saratxaga Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak eta Imanol Goenaga Eusko Jaurlaritzako ingurumen-arloko aholkulariak osatu dute epaimahaia, eta, besteak beste, kontakizunen originaltasuna, sorkuntza produkzioan, produkzioetako berrikuntza kontzeptuala eta narrazioen tratamendua baloratu dituzte. Bi kategorietako irabazleek bizikleta elektriko bana jaso dute. Bestalde, esan bezala, bi aintzatespen eman dituzte –bata kontzientziatzeko gaitasunari, eta bestea, herritarrak mobilizatzeko gaitasunari— eta horiei asteburu bateko egonaldia oparitu diete Europako etiketa ekologikoarekin egiaztatutako erkidegoko landa-turismoko ostatu batean.
Helburuak. Gazteriaren Europako Urtearekin bat etorriz, Asteklima Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astearen barruan antolatu du Ihobe sozietate publikoak lehiaketa, euskal gazteek Euskadin klima-aldaketak dituen eraginei buruz duten ikuspegia ezagutarazteko asmoz, bai eta herritarrak kontzientziatzeko, sentsibilizatzeko eta mobilizatzeko ere.