Arrizabalagak finalera sailkatzeko helburuagaz hasiko du Bizkaia Txapelketa bihar
Uxue Osesegaz osatuko du bikotea, eta txapelketaren finalera sailkatzeko asmoa dutela iragarri du: "Finalaren bila kantxaratuko gara. Finala irabaztea zaila izan daitekeela uste dut, baina bigarren postu horren bila joango gara".
Emakumezkoen V. Bizkaia Txapelketa hasiko da etzi Bizkaia frontoian. Zortzi pilotarik lehiatuko dute, lau bikotetan, eta horietako bat da Olatz Arrizabalaga pilotari gernika-lumotarra. Uxue Osesegaz osatuko du bikotea, eta txapelketaren finalera sailkatzeko asmoa dutela iragarri du: “Finalaren bila kantxaratuko gara. Finala irabaztea zaila izan daitekeela uste dut, baina bigarren postu horren bila joango gara, eta irabazteko gai bagara, hobeto”.
Txapelketak lau jardunaldi izango ditu –etzi, urtarrilaren 20an eta 28an, 18:00etan– eta Bizkaia Frontoian eta Zallako frontoian lehiatuko dituzte. Finala, berriz, otsailaren 10ean jokatuko da Bilboko frontoian.
Lau Eta Erdiko Master Laboral Kutxa txapelketako finala galdu zuen abenduan Arrizabalagak, baina lehiaketa haretan erakutsitako jokoaren maila “ona” zela iritzita, sentsazio onekin ailegatzen da iaz irabazi zuen Bizkaia Txapelketara. “Kolpea izan zen finala galtzea, baina egia da nahiko arin eman niola buelta. Gelditu barik gabiz, eta Zaldibarko finalean Amaiari irabazi eta arantzatxoa kendu nuen. Nahiz eta galdu, jakin nuen maila ona eman nuela lehiaketan, eta uste dut iaz izan nuena baino maila hobeagoan heltzen naizela lehia honetara”, azaldu du pilotari gernikarrak.
Txapelketa “irekia” dela dio, ez dagola faborito argirik, bikoteak “nahiko” orekatuta daudelako. Gainera, dioenez, txapelketa “nahiko arina” izango da –ligaxka eta finala–, eta horrek aukerak zabaltzen ditu edozeinek irabazi ahal izateko: “Txapelketa polita izango da”.
Osesegaz batera ariko da Arrizabalaga, eta elkarregaz pare bat aldiz bakarrik jokatu duten arren, uste du “ondo” moldatuko direla: “Egia da ez dugula elkarregaz askotan jokatu, baina atzelari oso sendoa da. Bizkaia frontoira ondo egokitzen da, eta uste dut elkarregaz ondo moldatuko garela. Lehenengo partidua izango da gakoa, zelan moldatzen garen ikusteko”.
Lehen partida hori, hain zuzen ere, Leire Garairen eta Andrea Capellanen aurka lehiatuko dute. Bikote modura Garai eta Capellan ere ez dira batera aritu, eta lehen norgehiagoka bikotekideei zein frontoiari neurria hartzekoa izango dela dio Arrizabalagak. “Edozer gauza gertatu daiteke. Capellanek Osesek baino kolpe gehiago dauka atzean, baina nik Leirek baino gehiago aurrean. Oreka horretan nagusitzen den bikoteak eta akats gutxien egiten dituenak irabaziko du partidua”, dio.
Defentsa jokoa uztartuko dute Arrizabalagak eta Osesek, erasoen kontrola beste bikoteen eskuetan utziz, eta aukera sortzen denean tantoak eginez. “Uxue baino kolpe handiagoa duten atzelariak daude, baina Uxuek ondo eusten dio pilotari, eta guk hori behar dugu. Jokoa besteen esku utziko dugu, guk eutsi eta aukera daukagun bakoitzean, aurrean, tantoekin amaitzeko. Bikote ona izan gaitezke”, aitortu du pilotari gernikarrak.
Arrizabalagak dio “final gosez” iristen dela txapelketara, joko maila “oso onean”, eta hori mantendu gura duela finalera heltzeko.
Euskal Liga ere, asteburuan.
Bizkaia Torneoari hasiera emateaz gain, Euskal Ligako binakako lehiaketa ere jokatuko du Arrizabalagak. Lea Ibarra taldeak parte hartuko du bertan, eta bi bikoteren ordezkaritza izango du: Arrizabalagak eta Olatz Beitia lekeitiarrak bikotea osatuko du, eta Amaia Aldaik eta Enara Gamindegaz jokatuko du.
Arrizabalagak eta Beitiak zapatuan jokatuko dute Latasan (Nafarroa), Ados Pilotako bikotearen aurka, eta euren asmoa txapelketa “ona” egitea dela adierazi du gernikarrak: “Aldai eta Gaminde dira txapelketa irabazteko aukera dutenak. Gure asmoa, berriz, txapelketa ona egitea da, izan ere, Olatz orain dela gutxi hasi da gurekin lehen mailako lehiaketetan parte hartzen, eta berak esperientzia hartzeko aukera ona izango dela uste dut”.
Bestalde, Master Cupari begira, “joko mailagaz jarraitzeko txapelketa” izango da beretzat.