44.882 bisitari izan ditu Batzarretxeak 2022an
Bost kontinenteetako turistak jaso zituen, iaz, Batzarretxeak. Arduradunek zehaztu dutenez, 44.882 bisitarietatik 22.933k aurretiazko hitzordua eskatu zuten, eta 16.949 izan ziren hitzordu barik ailegatu zirenak.
Gernika-Lumoko Batzarretxean bisitarien joan-etorria etengabekoa izan zen iaz. Urtarriletik abendura bitartean, 44.882 lagunek bisitatu zuten; 2021ean, ekainetik abendura artean egon zen Batzarretxea zabalik, eta tarte horretan ia 20.000 bisitari izan zituen.
Iazkoan, Batzarretxeak jendea erakartzeko duen ahalmen handiak milaka bisitariren arreta erakarri zuen, eta bost kontinenteetako turistak jaso zituen. Gainera, barrutia modu ofizialean ezagutzeko eskaria egin zuten talde bereziak gehitu behar zaizkie; horien artean Gernika-Lumon egon ziren Kubako eta Ukrainako enbaxadetako ordezkariak, Maiatzeko Plazako Amamen elkartekoak, Herman Van Rompuy Europako kontseiluko presidente emeritua, Euskal Etxeetako gazteak edota Athletic eta Mexikoko Chivas futbol taldeko kideak.
Batzarretxeko arduradunek zehaztu dutenez, 44.882 bisitarietatik 22.933k aurretiazko hitzordua eskatu zuten, eta 16.949 izan ziren hitzordu barik ailegatu zirenak. Diotenez, pandemian martxan jarritako edukiera mugatzeko sistemak % 90etik gorako okupazioa indizea izan zuten.
58.000 pertsona baino gehiago batzar nagusietako kultur ekintzetan.
Bizkaiko Batzar Nagusien funtsezko egitekoak Foru Gobernua kontolatzeko eta bere eskumeneko gaietan foru araudia onartzeko lanak uztartzen dituen arren, azken urteetan balio “nabarmena eta agerikoa” hartzen ari da kulturan daukan eraginak. Hori horrela, iaz, Bizkaiko Batzar Nagusiek, euren egoitzetan eta egoitzetatik kanpo, gizartean eragin nabarmena izan zuten dozenaka ekimen kultural eskaini zituzten, eta 58.000 pertsona baino gehiagoren aurrez aurreko arreta lortu zuten.
Egoitzetatik kanpo, Batzar Nagusiek berriro zeharkatu zuten lurraldea, Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz erakusketa ibiltariagaz. Bermeoko kaleak izan dira erakusketaren agertoki, eta bermeotarrek Erdi Aroan erakunde parlamentario batek zuen garrantzia politikoa, soziala eta kulturala ezagutu zuten.
“Foru erakundeak pandemiaren aurreko bisitari zifrak berreskuratzea lortu zuen, gizarte eta kultur arloko lan handia eta bere ondare historikoa zabaltzen duen erakarpena uztartzeari esker”, azaldu dute arduradunek.