Haur eta nerabeen ongizaterako gakoak lantzeko bi hitzordu, Astran
Zapatuan eta urtarrilaren 21ean haur eta nerabeen ongizaterako garapen osasungarriari buruzko saioak eskainiko ditu Daniel Betancorrek Astran.
Haur eta nerabeen garapen osasungarriaz ariko da Daniel Betancor haur, nerabe eta helduen psikiatra, Astran, eta bi hitzordu zehaztu ditu gaia lantzeko: zapatuan, lehenengoa, eta urtarrilaren 21ean, bigarrena; biak ala biak 11:00etatik 13:00era izango dira. Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatu ditu saioak, eta herritarrei bertaratzeko deia egin die.
“Haur eta gazteen garapenaren momentu bakoitzak bere beharrizanak ditu. Hori dela eta, gure erantzuna egokitu behar dugu adin tarte bakoitzeko beharrizanetara, eta horretarako, haurren hezkuntzan zelan jokatu eta kontuan izan beharrekoak helaraziko ditu psikiatrak”, adierazi dute Mankomunitateko arduradunek.
Zehaztu dutenez, haurtzaroko harreman osasuntsuak izango dituzte izpide zapatuko saioan. Hain zuzen ere, haurtzaroan eratzen diren lotura edo atxikimendu onuragarriei buruz ariko da Betancour, horiek sustatzeko baliabideak eskainiz.
Bigarrenean, berriz, nerabezaroko harremanen bilakaera aztertuko dute bertaratzen direnek. Haurtzaroan ezarri diren lotura horien eraldaketa azalduko du, eta inguruan dauden helduen jokabideez hausnartuko dute.
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen helburu nagusietako bat da eskualdeko haur eta nerabeak babesteko lan egitea, eta, horretarako, seme-alaben heziketan orientazioa eta laguntza emateko saioak antolatzen dituzte, horietako bi izanik urtarrilean Astran egingo dituzten saioak. “Beharrezkoak diren baliabideak eskaintzea da gure asmoa. Hitzaldi hauek Osasuna eta prebentzioaren arloan, familia, hezkuntza eta eremu komunitarioan burutuko diren ekintza eta programa ezberdinen artean kokatzen dira”, azaldu dute.