Gurutze Gorriak 5.136 jostailu berri banatu ditu Bizkaiko 2.161 umeen artean Gabonetan
'Euren eskubideak jokoan' kanpainan jasotako jostailuak zailtasun sozialak dituzten familietako haurrei eman zaizkie. Ekimenaren helburua 0 eta 17 urte bitarteko haur eta nerabeentzako jostailuak biltzea zen, egoera zaurgarrian dauden haurren jolaserako eskubideak bermatzeko.
Gurutze Gorriak 5.136 jostailu berri banatu dizkie kalteberatasun egoeran dauden 2.161 haurri Bizkaian Gabonetan; batzuk Maier kooperatiban bildu dituzte. Hain zuzen ere, Euren eskubideak jokoan kanpainan jasotako jostailuak zailtasun sozialak dituzten familietako haurrei eman zaizkie.
Ekimenaren helburua 0 eta 17 urte bitarteko haur eta nerabeentzako jostailuak biltzea zen, egoera zaurgarrian dauden haurren jolaserako eskubideak bermatzeko.
Jostailuak haur eta gazteentzat aisialdi iturri izateaz gain, haien komunikazio trebetasunak hobetzen edo harremanetan jartzen laguntzen dute. “Horregatik da garrantzitsua haur bakoitzak jostailuak izatea, adin eta gaitasun bakoitzerako egokiak direnak”, azaldu dute Bizkaiko Gurutze Gorriko arduradunek.
Kanpaina boluntarioen esku hartzeari esker burutu da, horiek establezimenduetako bezeroen ekarpenak jaso eta jostailuak adinaren arabera hautatu eta antolatu dituztelako: “Gainditu egin da erronka, aurrreko edizioetan modura”.
Hala ere, partikularren ekarpena ezinbestekoa izan da helburua betetzeko, eta egindako ahalegina eskertu die Gurutze Gorriak horiei: bilketa gune batera dohaitza egitera hurbildu diren pertsona partikularrei esker garatu da, baita jostailuak biltzeko gune modura funtzionatu duten erakundeen lankidetzari eta parte hartzeari esker ere. Onlineko dohaitzak egin dituztenei ere esker ona adierazi diete.