Bizkaiko Txapelketa, bigarrenez Mundakan
Bizkaiko Txapelketa eta Euskal Ligara igotzeko play-offak lehiatuko dituzte, asteburuan, Mundakako Isla Kalen. Bertan lehiatuko du, besteak beste, Urdaibai Katillotxu taldeak.
Mundakako Isla Kale kiroldegiak bigarren urtez jarraian hartuko du Bizkaiko eskubaloi Txapelketa, emakumezko kadeteen mailan. Asteburuan izango da, eta goi-mailako taldeak elkartuko ditu. Horrez gain, kadeteen Euskal Ligarako play-offak lehiatuko dituzte; hain zuzen ere, parte hartuko duten lau taldeetatik lehen hiruak igoera fasera sailkatuko dira. Lau talde horiek ondorengoak dira: San Adrian Horia, Muskiz Azul, Urdaneta eta etxeko taldea, hau da, Urdaibai Katillotxu.
Txapelketak ondorengo egitaraua edukiko du: zapatuan, 11:ooetan, San Adrian Horia eta Muskiz Azul neurtuko dira; 13:00etan, aldiz, Urdaneta eta Urdaibai Katillotxu. Domekan, 11:00etan, hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partidua jokatuko dute, eta 13:00etan, ostera, finala. Urdaibai Katillotxu taldeko ordezkariek adierazi dutenaren arabera, hautagai nagusia Urdaneta da, bere lantaldearen “osotasunagatik”: “Alor guztietan bikain moldatzen dira eta, inongo zalantza barik, talderik orekatuena beraiena da”.
San Adrian Horiari dagokionez, “goi-mailako defentsa lerroa eta atezaina” dutela azaldu dute. Azkenik, Muskiz Azul taldea guztietan “ezezagunena” dela argitu dute, baina, era berean, aurreratu dute azkenengo norgehiagoketetan “emaitza oso aipagarriak” lortu dituztela. Urdaibai Katillotxuko jokalariak, beraien aldetik, “jokatzeko prest” daudela adierazi dute taldetik: “Jakin badakigu goi-mailako taldeen aurka jokatu beharko dugula, baina aurpegia erakusteko eta geure bertsiorik onena emateko prest gaude”.
Helburua, azaldu dutenez, gutxienez partidu bat irabaztea da. “Euskal Ligara igotzeari begira, berdin dio lehenengo, bigarren edo hirugarren postuan sailkatzea; garrantzitsuena partidu batean garaipena lortzea izango da. Horrez gain, polita litzateke Bizkaiko txapeldun bihurtzea”. Iaz ere lehiaketa berbera egin zuten Mundakako Isla Kale kiroldegian, eta jendetza bertaratu zen partiduez eta “bertako giro paregabeaz” gozatzera. Aurten, iazkoak gainditzeko asmoagaz daude: “Sarrera librea izango da kiroldegiaren edukiera bete arte; beraz, jendeari Isla Kalera hurreratzeko deialdia egin gura diogu”.