Bizikleta aparkaleku segurua jartzeko diru laguntza jasoko du Bermeok
Aldundiak sei bizikleta aparkaleku seguru jarri gura ditu martxan lurraldean, eta horietako bat Bermeon jartzeko diru laguntza emango dio udalari.
Bizkaiko Foru Aldundiak sei bizikleta aparkaleku seguru jarri gura ditu martxan lurraldean, eta horietako bat Bermeon jartzeko diru laguntza emango dio Bermeoko Udalari.
Guztira, 360.000 euro banatuko ditu bizikletentzako aparkalekuak egokitzeko Barakaldoko, Gueñesko, Derioko, Zallako, Abadinoko eta Bermeoko udalen artean. Hain zuzen ere, ekipamendu osoa jarri eta hori egokitzeko foru sailak udal bakoitzari emango dion zuzeneko diru laguntza 60.000 eurokoa izango da.
Bermeoko Udalak aparkaleku hori atontzeko eta hornitzeko lanak egingo ditu, eta, hitzarmenaren indarraldian –lau urte–, horiek kudeatu eta mantentzeko ardura edukiko du. Aparkalekuak non egin erabakitzeko, kontuan hartuko da guneen zentraltasuna, baita bidegorrietatik eta garraio mota publikoetatik hurbil egotea ere (tren geltokia, Bizkaibuseko geralekua). Hain zuzen ere, intermodalitatea eta mugikortasun aktiboa bultzatzea da aldundiaren asmo nagusia.
Aparkaleku guztiak era berekoak izango dira, udalerri guztietan modu berean erabili ahal izateko.
“Esperientziak esaten digu helburu horietan aurrera egiteko modu ona dela tokiko erakundeak laguntzea bizikletaren erabilera sustatzen duten eta beste garraio publiko batzuekin intermodalitatea errazten duten mota horretako ekipamenduak eraikitzeko, ibilgailu pribatua alde batera utzita”, adierazi du Miguel Angel Gomez Viar Garraio eta Mugikortasun Jasangarria sustatzeko diputatuak.