Laburbirara urtarrilaren 15era arte aurkeztu daitezke lanak
Euskarazko film laburren zirkuituan lanak aurkezteko epea amaitzear dago. Hain zuzen ere, hilabeteko epea ematen dute horretarako, eta urtarrilaren 15era (domeka) bitartean aurkeztu daitezke Euskaltzaleen Topagunearen Irudienearen webgunean.
20 minutu baino gutxiago irauten duten film laburrak izan behar dira, eta XX. Laburbiraren arduradunek gogoratu bezala, helburua da “euskaraz ekoizten jarraitu dezaten, sortzaile direnen lanak ezagutzera ematea”. Horretarako, aukeratutako film laburren bilduma herriz-herri ikusgai egongo da martxoaren 6tik apirilaren 5a bitartean, Euskal Herriko eta kanpoko hainbat herri eta hiriburutan.
Butzaltu, ezagutara eman eta saretu. Euskaltzaleen Topaguneak euskarazko ikus-entzunezkoen aktibazioan eragin nahi du: euskarazko egileen sormena bultzatuz, beraien ekoizpen artistikoa gizarteratuz eta euren arteko harreman sarea jorratuz. Eta, horretarako, “bide sendo bat garatzen” ari direla azpimarratu dute.
Hartzaile aktiboei dagokienez, euskarazko ikus-entzunezkotan hasi berriak direnengan eta sortzaile amateurrengan du proiektu honek begia jarrita: “Elkarrekin lotura duten bost ekimen dauzkagu martxan, adin eta maila ezberdinetako sortzaileentzat diseinatutakoak”. Benito Ansola Sariak, Kameratoia, Laburbira, DemaSA eta Irudienea dira aipatutako bost ekimenak.
Sortzaileen arteko harremanak eta sinergiak sustatzea da proiektu horren beste asmo garrantzitsuetako bat. Izan ere, esku artean dituzten egitasmoetako sormen eta sortzaile potentzialak ikusita, uste dute proiektu hori “harreman berrien, egitasmo berrien, aukera berrien, profesional berrien eta joera berrien harrobi” izan daitekeela.