Berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako logotipo bila dabiltza Busturian
Lehiaketa antolatu dute logotipoa aukeratzeko; 18 urtetik gorakoek parte hartu ahal dute. 400 euroko saria jasoko du irabazleak.
Busturiko Udaleko Berdintasun Arloa emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren kontrako logotipo bila dabil. Hala, logotipoa aukeratzeko lehiaketa antolatu dute. Lehiaketa horretan 18 urtetik gorako edozeinek parte hartu dezake, eta diseinuak otsailaren 3a baino lehen aurkeztu beharko dira Altamirako Kultur Etxean.
Lanen kolorea eta teknika librea izango dela azaldu dute, eta irudia eta leloa izan beharko ditu. Proposamenak originalak izan beharko dira, berriak eta bestelako lehiaketa batean aurretik saririk jaso ez dutenak. Leloek lengoaia ez sexista eduki beharko dute, eta irudietan bi sexuen presentzia orekatua bermatu beharko dute.
Lehiaketan parte hartzen dutenek jpg/pdf formatuan eta paperean aurkeztu beharko dituzte lanak, gutun-azal handi batean eta usb formatuan. Gutun-azalak kanpoaldean lanaren leloa idatzita eduki beharko du. Gutun-azal handiaren barruan, gainera, gutun-azal itxi bat sartu beharko da, kanpoan lanaren lelo berbera jarrita; horretan, parte hartzailearen datuak sartu beharko dita. Aipatu lehiaketan parte hartzeko interesa dutenek, Busturiko Udalaren webgunean (berrien atalean) kontsultatu ditzakete oinarri guztiak. Udaletxean eta Kultur Etxean ere kontsulta daitezke.
Saridunak 400 euroko saria jasoko du. Azaldu dutenez, martxoaren 3a baino lehen esango dute zein den aukeratu duten logotipoa.
Busturiko alkate Aitor Aretxagaren esanetan, Busturiko udalak berdintasunaren aldeko “konpromiso sendoa” hartuta dauka: “Berdintasunagaz bakarrik lortuko dugu balioak dituen herri bat izatea, emakume eta gizonentzako herri justua, emakumearen zeregina eta eskubideak aintzat hartzen dituen herria eta pertsona guztien askatasuna errespetatzen duena, genero desbardintasun barik. Busturin amumek, amek, alabek eta bilobek berdintasuna bizi eta sentitu dezaten lan egiten dugu. Jarrera eta espiritu hauek funtsezkoak dira herri gisa dugun nortasunean, eta hori da, hain zuzen ere, logotipoan islatu beharko dena”.