Ozta-ozta bada ere, ezin
Lointek Gernika Bizkaiak 64-61 galdu du Barça CBSren kontrako Emakumezkoen Endesa Ligako 16. jardunaldiko partidua. Norgehiagoka azken txanpan erabaki da. Etzi jokatuko dute hurrengo partidua: Gorzow taldearen kontra ariko dira EuroCup Womeneko kanporaketako itzulikoan, Malosten 79-78 nagusitu ostean.
Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi taldeak Emakumezkoen Endesa Ligako 16. jardunaldiko partidua jokatu zuen atzo, Bartzelonako Palau Juan Carlos Navarro kantxan, Barça CBS taldearen kontra. Lehiakor eta borrokalari agertu ondoren, 64-61eko markagailuagaz egin zien ihes partiduak gernika-lumotarrei. Norgehigoka hasi orduko, Anna Montañanaren kezka nagusia konfirmatu zen: Isaac Fernandez Barçcako entrenatzaileak Ruth Hamblinegaz kontatu ahal zuen; jokalari hura izango zen Malostekoen amesgaizto nagusia. Montañanak ere, bere aldetik, harritu egin zuen, hasieratik ipini baitzituen jokoan Brooque Williams eta Gabija Meskonyte. Beraiekin batera, ohikoak kantxaratu ziren: Sofia Da Silva, Andrijana Cvitkovic eta Sandra Igerabide.
Lehendabiziko minutuetan, Marta Canella izan zen Gernika-Lumokoen mehatxu nagusia, eta jokalari horren aurrean defentsa antolatzen saiatu ziren; era berean, saskia bertikaltasunetik bilatu zuten eta 2-8ko aldea egin zuten. Kataluniarrek, baina, beren larrua ez zuten erraz salduko: 4-9tik 13-9ra, 0-9ko partziala egin zuten. Lehen laurdenaren amaiertan Rosó Buch eta Laura Spreafico jokoan sartu ziren, eta haize ufada berria eman zioten Lointeken jokoari. 13-15eko markagailuagaz amaitu zuten lehenengo laurdena. Minutuekin, partiduaren erritmoak gora eta gora baino ez zuen egin. Bigarren laurdena elektrikoa izan zen: talde bietako batek ere ez zuen lortu baloiaren jabetza argia edukitzea, eta distantzia luzeek pisu handia hartu zuten.
Spreaficok hiru jaurtiketatik hiru saskiratu zituen. Markagailuak, ostera, behin eta berriro dantzan egin zuen. Itziar Ariztimuño bilbotarrak, freskotasun handiagaz, bilatzen zuen kadentzia eman zion Gernikari, eta minutu bikainak eman zizkion taldeari. Sei minutu eskasetan, bost asistentzia egin zituen erasoaldietan. Defentsa lanetan, berriz, Patricia Bura poloniarrak taldearen arsura beregain hartu zuen. Hamblinen mehatxua geldiarazteko asmoagaz, Lointeken azken fitxaketak maila handia erakutsi zuen. Lehen minutuetan erreboteetan sufritu ondoren, Burak lasaitasuna ekarri zuen alor horretara; 30-34ko markagailuagaz jo zuten aldageletara bi taldeek.
Defentsaren esangura. Atsedenadiaren ondoren, erritmoak zertxobait behera egin zuen, eta nekea jokoan agertu zen. Trantsizioak, esate baterako, geldoago egin zituzten, eta defentsak egundoko garrantzia hartu zuen. Erasoaldietan bidea egin ahal izateko, kantxaren atzealdea ziurtatu beharra zegoen. Ez zen ogibide erraza bientzat ala bientzat. Lointekek, hain zuzen, arazoak eduki zituen defentsako erreboteak kontrolpean edukitzeko, batez ere, Hamblinen jokaldien erruz. Dena dela, Montañanaren jokalariek markagailuan aurretik irautea lortu zuten, 43-45; ez zen kontu txikia, ligako play-offetako zuzeneko norgehiagoka izanda.
Azkenengo laurdenean, Ainhoa Lopez izan zen Barça CBSko jokalaririk azpimarragarriena, eta etxeko taldea aurretik ipini zuen. Dena dela, baloiaren jabetza bakoitzak markagailua iraultzeko aukera erakutsi zuen. Guzti-guztia erabakitzeko zegoen Bartzelonan. Azken segunduak hil ala bizikoak izan ziren. Jolene Andersonek etxekoak aurreratu zituen lehenik eta behin; Williamsek, baina, Lointek jokoan sartuta mantendu zuen; jarraian, Canellak etxekoen aukerak aldarrikatu zituen, beste saskiratze bategaz. 21 segundoren faltan, Igerabidek kanpokoak markagailuan aurretik ipini zituen, hiruko jaurtiketa bat saskira bidaliz.
Montañanak azken hutsartea eskatu zuen, Igerabidegaz azken jokaldia antolatzeko asmoz, baina entrentzailearen ideiek ez zuten fruiturik eman, jokalari valentziarrak irteera urratsak egin zituela zehaztu baitzuten epaileek. Une hartan egin zien ihes Bartzelonako norgehiagokak. Hamblinek, gainera, falta baten ondorioz jaurtiketa libre bi saskiratu zituen, azken txirrinak jo baino sei hamarrek lehenago. 64-61eko markagailuagaz gailendu zen, etxeko ikusleen aurrean, Barça CBS.
Eguaztenean edukiko dute hurrengo hitzordua Lointekekoek. EuroCup Women txapelketako kanporaketako itzuliko partidua jokatuko dute Polonian, Gorzow taldearen kontra. Joanekoan, Malosten, garaipen estu-estua lortu zuten: 79-78 nagusitu ziren. Puntu bat baino gehiagoko aldeagaz galduz gero, horrenbestez, lehiaketatik kanpo geratuko lirateke gernika-lumotarrak.