2022ko Bizkaiko Zaldi Proba Txapelketa etxean geratu da
Nabarniz Jatetxeak 2022ko Zaldi Probetako Bizkaiko Txapelketa irabazi du, Nabarnizen bertan. Kinttopeko probako garailea, ostera, Alegria izan da.
Joan den asteburuan, goi-mailako herri kirolez gozatzeko aukera paregabea egon da Nabarnizen. 2022ko Bizkaiko Zaldi Proba Txapelketa lehiatu dute. Zapatuan, 19:00etatik aurrera, kinttopekoen txanda izan zen. Alegria, Etxebarria eta Belaustegi zein baino zein gehiago aritu ziren, eta Alegriak irabazi zuen proba. Jabi Elordui eta Asier Alegria irabazleek jantzi zituzten txapelak, 50 untza eta 3/4 eginda. Txapelagaz batera, 700 euroko dirusaria eta manta ere jaso zituzten garaileek. Bigarren postua Belaustegirentzat izan zen, eta 600 euroko dirusaria eskuratu zuten; hirugarren, ostera, Etxebarria sailkatu ziren, eta 500 euroko saria eroan zuten.
Zaldi probetako maila orokorrean, Nabarniz Jatetxeko bikotea nahieran aritu zen, domekan 17:00etatik aurrera hasitako saioan. Etxeko ikusleen berotasuna jasota, beren nagusitasuna bikain islatu zuten lorturiko emaitzetan: 61 untza egin zituzten; bigarrenek, Goieta Tabernakoek, 57 egin zituzten; podiuma osatu zuten Kobakoek, ostera, 48 untza eta 1/2ko emaitza eskuratu zuten. Nabarniztarrak herriko pilotalekuan jaun eta jabe agertu ziren, eta 2022ko Bizkaiko Zaldi Proba Txapelketak, hortaz, ez zuen urrunera egin. Nabarniz Jatetxeko lehiakideek manta, 800 euroko saria eta Bizkaiko onenen txapelak jaso zituzten. Goietakoek, aldiz, 700 euroko saria, eta hirugarrenek, 600 eurokoa.