Jose Done ikastetxeko elizgizon ohiak egindako sexu abusuak salatzeko elkarretaratzea deitu du Itaiak
Elkarretaratzea astelehenean (abenduak 26) izango da, 19:30etan, Goiko Plazan. "Indarkeria matxistari aurre egiteko, ezinbesteko ikusten dugu emakume langileak antolatzea", esan dute Busturialdeko Itaiaren ordezkariek.
70eko hamarkadan Bermeoko Jose Done ikastetxean elizgizon batek burututako sexu abusuak salatuko ditu Itaiak, astelenerako (abenduak 26) deitu duen elkarretaratzean. 19:30etan jarri dute hitzordua Goiko Plazan, eta hamar minutu inguruko isilune bat egin ostean, irakurketa bat egingo dute. Abusuen biktimen nahia da “kasua Madrilera iristea, horrela, merezitako oihartzuna izan dezan”.
“Indarkeria matxistari aurre egiteko, ezinbestekoa ikusten dugu emakume langileok antolatzea. Indarkeria matxista orori aurre egin behar diogu”, adierazi dute Busturialdeko Itaiako kideek. Abusuen biktimekin hitz egin ondoren antolatu dute elkarretaratzea, eta horietako batzuk astelehenean bertan izango direla aurreratu dute. Itaiakoek gertakaria salatzeaz gain, “babes osoa” erakutsi diete biktimei.
2022ko otsailean eman zen lehen aldiz elizgizonak burututako sexu abusuen berri. Azkenengo astean, berriz, erasotzaileak barkamen bideo bat egin duela eman du jakitera EITBk, eta, gainera, Bermeon egon ostean, Bilbon lan egin zuen ikastetxean ere “sexu abusuak” egin zituela jakin da.
Bermeon hazteko “aukera”. Busturialdeko Itaiak Gernika-Lumon antolatzen ditu ekimen gehienak. Hori dela eta, asteleheneko elkarretaratzea “bermeotarrengana hurbiltzeko aukera paregabea” dela uste dute taldekideek. Beraz, abenduaren 26an, bermeotarrak Goiko Plazara joatera animatu dituzte.