Hirugarren porrota jarraian
Lointek Gernika Bizkaiaren eta IDK Euskotrenen aurkako euskal derbian 69-61 galdu du talde gernikarrak.
Espero bezain “parekatua eta bizia” izan zen Lointek Gernika Bizkaiaren eta IDK Euskotrenen aurkako euskal derbia. Emakumezkoen Endesa Ligako 13. jardunaldia zegoen jokoan, eta 69-61 galdu zuen Gernika-Lumoko taldeak. Laugarren laurden hasierako 10-0ko partziala erabakigarria izan zen norgehiagokaren emaitzan, eta ligako hirugarren porrota jarraian zenbatu zuen Anna Montañanak zuzentzen duen taldeak.
Bolada txarrari buelta eman gura zioten bi taldeek atzo, baina IDKk lortu zuen bilatzen zuena. Sandra Igerabide osatuta egon arren, Montañanak Itziar Ariztimuñoren aldeko apustua egin zuen hasieran, eta IDKk barne jokoa zigortzeko ideia zeukan bostekoa kantxaratu zuen. Lehen minutuetan defentsak nagusitu ziren erasoen aurrean, eta zenbait jabego kitxarraren soinuarekin amaitu ziren. Erritmo horrekin etxekoentzat izan ziren lehen abantailak: 9-5. Montañanak partidari martxa bat gehiago sartzeko eskatu zien jokalariei, baina ezin izan zuten hori kantxan islatu eta 17 eta 11koagaz amaitu zuten lehen laurdena.
Bestelako erritmoagaz hasi zuten bigarrena talde gernikarreko jokalariek. Roso Buchen hiruko batekin eta Gabija Meskonyteren saskiratzeekin 0-7ko partziala ezarri zuten lehen bi minutuetan, eta 19-20 aurreratu ziren markagailuan. Baina IDK Euskotreneko jokalariek era berean erantzun zuten, defentsa estutuz eta barne jokoan nagusituz, eta 27-25eko markagailuagaz joan ziren atsedenaldira.
Partidak parekatua izaten jarraitu zuen gerora ere. Alde bateko zein besteko saskiratzeen trukaketa izan zen nagusi hirugarren laurdenaren hasieran. Minutuek aurrera egin ahala, baina, talde gipuzkoarreko Coulibaly pibota geldiaraztea gero eta zailagoa zen, eta 40-34 aurreratu ziren etxekoak. Baina Buch agertu zen, eta hiruko saskiratzeekin norgehiagoka berdintzea eta estutzea lortu zuen: 42-43.
Bi taldeetako batek ere ez zuen partida hautsi laugarren eta azken laurdenera arte. Laurden hasieran, baina, 10-0ko partziala ezarri zuen IDKk: Yurena Diazen hirukoa, Dembeleren saskiratzea eta Maria Españare beste hiruko bat. 52-43 zioen markagailuak, eta Brownen saskiratze batek 10 puntuko distantzia psikologikoa gainditu zuen. Emaitzari buelta ematen ahalegindu ziren Lointek Gernika Bizkaiako jokalariak, baina ezin izan zuten Gipuzkoako taldearen sendotasuna apurtu, eta Emakumezkoen Endesa Ligako lehen garaipena eskuratu zuen IDKk: 69-61.