Gorabideren lana aitortu dute, iraupen luzeko zainketen arloan jardunbide egokiak sustatzeagatik
Gorabideren 'Nire bizitza, nire plana' jardunbide egokiari egindako aitorpena da saria, desgaitasuna duten pertsonentzako arreta eta bizitza pertsonalizatuko plan bat egiteko prozesuagatik.
Gorabidek Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dituen lehen aitorpena jaso du, eguneko zentroetan edo egoitza zentroetan lan egiten duten Bizkaiko iraupen luzeko zainketen arloko eragile giltzarrien artean jardunbide egokiak sustatzen, zabaltzen eta trukatzen laguntzearren; Argia Fundazioak eta Nafarroa eguneko zentroak ere jaso dute aitorpena.
Aldundiak lehen aldiz eman ditu sariak, Bilboko Euskalduna Jauregian egindako jardunaldian. Era berean, epaimahaiak aipamen bereziak egin dizkie Igurco Servicios Sanitarios, Aspace, Miranda Fundazioa, Loiu Gurena eta Gazteluondo egoitzek zainketak pertsonalizatzeko bideratutako jardunbide egokiei. Lehen ediziora 47 hautagai aurkeztu dituzte, guztiak ere adinekoak nahiz ezinduak zaintzeko eremukoak.
Hain zuzen ere, Gorabideren Nire bizitza, nire plana jardunbide egokiari egindako aitorpena da saria, desgaitasuna duten pertsonentzako arreta eta bizitza pertsonalizatuko plan bat egiteko prozesuagatik. Epaimahaiak nabarmendu du desgaitasun intelektuala duten pertsonek, senitartekoek eta profesionalek batera sortutako egitasmoaren plangintza ikuspegia, desgaitasun intelektuala duen pertsona bakoitzaren autodeterminazioaren berme modura. “Adimen desgaitasuna duten pertsonak beren erabakiak eta nahiak adierazteko gaitzeko metodo eraginkor modura aitortu da”, azaldu dute.
Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak praktika eta zainketa modu horiek gero eta erakunde eta profesional gehiagok gauzatzen dituztela adierazi zuen: “Azken hamarkadetan, bizitza luzatzeko aukera eman digun sistema bat eraiki dugu, baina beharrezkoa da bizitza zabaltzea ere, Bizkaiko pertsona guztien bizi proiektuak erabat garatzeko. Ez zuri beltzeko bizitza, ez luzea eta estua, koloretako bizitza baizik, biztzea merezi duen bizitza”. Eta hori dela egunez egun Gorabidek eta bere moduko taldeek egiten dutena dio diputatuak. “Horregatik aitortzen zaizue Bizkaian babesa behar dutenen bizitza zabalagoa eta koloredunagoa egitea”, adierazi du Murillok.