Osasun publikoaren eta langileen lan baldintza duinen alde egin dute
Premiazko konponbideak behar direla aldarrikatu dute: "Langileak eta herritarrak nazkatuta gaude eta premiazko konponbideak behar ditugu, gure osasun publikoaren narriadurak eragindako egiturazko arazo larriei aurre egiteko".
Sindikatuek deituta, protesta eguna da gaurkoa Osakidetzan. Izan ere, osasun publikoaren alde eta langileen lan baldintza duinen defentsan elkarretaratzeak egin dituzte ospitaleen eta lehen arretako zentroen aurrean. SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute mobilizazioetara.
Hain zuzen ere, Osakidetzaren demokratizazioak Mahai Sektorialaren blokeoa gainditu eta langileen ordezkariekin “benetako negoziazioa eta edukiak bultzatzea” eskatzen dute. Izan ere, salatu dute Osakidetzak ez duela Mahai Sektorialean negoziatzen. Hori dela eta, urte hasieran, Mahai Sektoriala utzi zuten sindikatuek, eta uda ondoren, berdin jarraitu dute. Egoera normaltzeko asmoz, bi aldiz deitu dute Osakidetzako Zuzendaritza lan Harremanak Kontseiluan biltzeko, baina ez da bertaratu. Abenduaren 7an, berriz, sailburuarekin batu ziren, eta “inposaketa” bidearen aldeko apustua egin zuela diote.
Horren aurrean mobilizatu dira gaur, eta premiazko konponbideak behar direla aldarrikatu dute: “Langileak eta herritarrak nazkatuta gaude eta premiazko konponbideak behar ditugu, gure osasun publikoaren narriadurak eragindako egiturazko arazo larriei aurre egiteko”.
Beste behin, lan prekarietatea osasun publikoaren “arazo handienetako bat” dela adierazi dute: behin behinekotasun tasa %50etik gorakoa izanik, erosteko ahalmenaren galera %20tik gorakoa da; lanaren gainkarga sistematikoa da eta langile kopurua, berriz, mugatua.