Txitxarroaren kuotan hartutako erabakiak zuzeneko arrantzan eragingo du
Berdelaren, legatzaren eta txitxarroaren kuotak zehaztu dituzte. Antxoaren eta hegaluzearen kuotak urte hasieran ezarriko dituzte.
2023rako arrantza kuoten negoziazioek berdelaren, legatzaren eta txitxarroaren kuotak zehaztu dituzte, gaur gaurkoz, eta orokorrean “emaitza onak” lortu dituzte.
Berdela harrapatzeko aukerak %20 handituko dira, hain zuzen ere, 29.439 tonatan ezarriz kopurua, eta legatzaren kuota, berriz, %10 igo da, 9.953 tonaraino. Txitxarroaren kuotari dagokionez, berriz, gora behera handiak sortu ditu gaiak. Europako Batzordeak Kantauri itsasoan txitxarroa arrantzatzea debekatzea proposatu zuen arren, arrantzaleek kopuru txiki bat gutxienez mantentzea eskatu, eta lortu egin zuten; 3.271 tona harrapatu ahalko dute Kantauri itsasoan.
Eusebio Arantzamendi Bizkaiko Arrantzaleen Kofradien Federazioko eta Ondarroako Kalare Deuna kofradiako presidenteak txitxarroaren egoera erdigunean jarri du: “Hartutako erabakiak zuzeneko arrantzan du eragina. Zehazki Ondarroan udan hegaluzetara joaten ez direnek, kostan geratzen direnek, ezin izango dute txitxarrotara atera, ekartzeko aukera izango dute baina zeharka harrapatuta”. Kasu gehienetan, nahi gabe arrantzatzen da, txitxarroa sareetan beste espezie batzuekin nahasten delako.
Txosten zientifikoek emandako datuen arabera, txitxarroaren biomasaren egoera bere iraupena bermatzeko mugatzat jotzen denaren azpitik dago, horregatik proposatu zuten debekatzea. “Badakigu egoera okerrean dagoela, eta horregatik itxi nahi dute, angularekin gertatzen den bezala. Hemendik eta uda hasierara borrokatuko dugu zerbait lortzeko, baina zientifikoek diotena azken urteetan nekez aldatzen da. Orain urte batzuk sardina ere egoera berdinean zegoen, eta neurriak hartu ziren, gaur egun sostengu bat du kupo batzuekin”.
Hegaluzea eta antxoa. Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetan deskargatutako arrainaren bi heren inguru hegaluzea eta antxoa izaten dira. Oraindik ez dira adostu espezie hauen kuotak, baina ez da aldaketarik espero. “Antxoaren kuota gaur gaurkoz ondo dago, ez dugu gehiago harrapatu nahi, daukaguna ondo gestionatu nahi dugu. Arazoa tamaina txikiekin egoten da. Kuota indibiduala egonez gero, errazago gestionatuko genuke arraina, baina guztiok zaku berdinetik harrapatu behar dugunez, egoera zailagoa bilakatzen da”.
Antxoaren kuota urtearen hasieran ezartzea espero da, azterketa zientifikoen emaitzen ondoren. Hegaluzeari dagokionez, berriz, otsailean ezarriko da.