Gernika-Lumoko hamar lagunetik lau aritzen dira euskaraz kalean
Soziolinguistika Klusterrak egin duen kale neurketak adierazten du euskararen kale erabilerak beherako joera jarraitzen duela Gernika-Lumon; izan ere, %44,8koa da egun, eta %49,4koa zen 2016an. Ikastetxe inguruan gertatu da euskararen erabileraren jaitsiera nabarmena: hamaika puntuko beherakada jaso da azken bost urteetan; %61,8tik %50,3ra.
Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Gernika-Lumon 2021ean egindako hizkuntzen erabileraren kale neurketa. Soziolinguistika Klusterrak egin du aipatu neurketa, eta emaitzak Soziolinguistika Klusterreko Euskal Herri mailako kale neurketako zuzendari Olatz Altunak eman zituen. Datuek adierazten dute, euskararen kale erabilerak beherako joera jarraitzen duela Gernika-Lumon; izan ere, %44,8koa da eta %49,4koa zen 2016an. Beraz, azken bost urteetan ia bost puntu egin du behera euskararen kale erabilerak. “Azken hogei urteetako bilakaerari erreparatuz gero, ia 8 puntuko jaitsiera jaso da 2001etik 2021era bitartean”, adierazi zuen Altunak.
Hizkuntzen kaleko erabilerak kalean entzuten den erabilera neurtzen du bakarrik, beraz, bat-bateko ahozko erabileraren datuak aurkeztu dituztela argitu du Altunak. Hala, 2021eko urrian 8.103 solaskideren hizkuntzen erabilera neurtu zuten, 2.721 elkarrizketa jasoz. Datu horien arabera, beraz, herriko kaleetan 10 lagunetatik lau ari zen euskarazko elkarrizketetan (%44,8), erdia gaztelaniaz (%50,8) eta %4,4 beste hizkuntzetan.
Herritarrek kalean zein hizkuntza darabilten aztertzeko xedez, herrian bizitza soziala agerikoa den eremuetan egin ohi da behaketa, eta Gernika-Lumoren kasuan, sei ibilbide zehaztu zituzten, bi multzotan sailkatuta: erdigunea eta ikastetxeak. Lurgorri, erdigunea eta Lorategietako bideak batzen ditu lehenak, eta Allende Salazar ikastetxea, Seber Altube Ikastola eta Institutu ingurua barnebiltzen ikastetxeen multzoak.
Euskararen erabileran beherakada adin tarte guztietan behatu da, batez ere gazteengan:
bederatzi puntuko galera egon da 2016tik
Herri erdiguneko eta ikastetxeetako ibilbideen erabilera datuei erreparatuz gero, ikus daiteke ikastetxe inguruan altuagoa dela euskararen erabilera erdiguneko inguruarekin alderatuta.
Hala ere, datuek erakusten dutenez, ikastetxe inguruan euskararen erabileraren jaitsiera nabarmena izan da; hamaika puntuko beherakada jaso da azken bost urteetan: %61,8tik %50,3ra jaitsi da. Aldiz, erdiguneko ibilbideetan ikusi da bi puntu gora egin duela euskaraen erabilerak epe horretan (%40,6tik %42,7ra). Hala ere, ikastetxe inguruetan euskara gehiago erabiltzen da erdigunean baino. “Gogoratu behar da ikastetxe inguruko ibilbide bakoitzean 4 orduko behaketa besterik ez dela egin. Eta, ondorioz, jasotako lagina ez dela oso handia. Hurrengo edizioei begira, komenigarria litzateke ibilbide hauetan datu bilketa indartzea, emaitzok estatistikoki sendoagoak izan daitezen”, argitu du aztertzaileak.
“Joerari dagokionez, ez da begiz galdu behar azken hamarkadan, bi inguruetan egin duela behera euskararen erabilerak: erdigunean %49,0tik %42,7ra jaitsi da eta ikastetxe inguruetan %59,5tik %50,3ra”, azaldu du. Aipagarria da beste hizkuntzen presentzia handiagoa izan dela ikastetxe inguruetan erdigunean baino (%5,8).
Euskal Herri mailako datuei jarraiki, zenbat eta gazteagoa izan, orduan eta handiagoa da euskararen erabilera Gernika-Lumon ere. Haurren eta gazteen erabilerak bataz bestekoaren gainetik kokatzen dira, eta neurri handi batean euskararen erabilera “sendotzea” eragiten duela dio Altunak. Honakoak izan dira euskararen erabilera datuak adinaren arabera: haurrek %61,7 (2-14 urte), gazteak %45,5 (15-24 urte), heldu gazteak %40,3 (25-44 urte), heldu nagusiak %38,5 (45-64 urte), eta adinekoak %30,4 (64 urtetik gora).
Kezkagarria da, hala ere, euskararen erabileran beherakada adin tarte guztietan behatu izana, baina, bereziki gazteen erabileran; bederatzi puntuko galera egon da 2016tik 2021era bitartean; gazteen artean kaleko erabilera %54,2koa zen 2016an eta %45,5ekoa zen iaz.
Adin tartearen arabera azken hamabost urteko bilakaerari erreparatuz gero, halaber, deigarria da adinekoen artean (64 urtetik gora) nabarmen jaitsi dela euskararen kale erabilera; 20 puntuko jaitsiera egon da, 2006ko %50,1etik egungo %30,3ra.
Nagusiak euskaraz gehiago aritzen dira haurrak hurbil daudenean
Bestalde, generoaren arabera, emakumezkoek zertxobait gehiago egiten dute euskaraz gizonekoek baino udalerrian; emakumezkoen %46,6k eta gizonezkoen %42,6k egiten dute. 2021eko neurketan jaso da, lehen aldiz, emakumeek euskaraz gehiago hitz egitearen datua, aurreko hiru edizioetan gizonezkoek “apur bat” gehiago egiten zutela ikusi baitzen. “Emakumezkoek gizonezkoek baino gehiago erabiltzea, oro har, Euskal Herriko lurralde guztietan errepikatzen den fenomenoa da, adin talde guztietan adinekoetan izan ezik. Badirudi, emakumeek eta gizonek eukararekiko izan ditzaketen irudi zein balio desberdinek hizkuntza hautuan eragiten dutela. Etorkizuneko aztergai interesgarria da honakoa, zalantzarik barik”, adierazi zuen Altunak.
Solaskide taldearen osaeraran arabera.
Adin berekoen arteko elkarrizketetan azaleratu da, bestalde, adin talde guztietakoek egiten dutela gehiago euskaraz adin desberdinetako biztanleekin osatutako taldeetan daudenean euren artean daudenean baino. Emaitza hori bat dator Euskal Herriko datuekin: “Neurri batean, behintzat, islatzen du adin desberdinetako kideak elkarrekin egotean euskararen aldeko arau sozialaren hedapena bultzatzen dutela”.
Euskal Herriko kaleetan pertsona nagusiak euskaraz gehiago aritzen dira haurrak hurbil daudenean, eurak bakarrik daudenean baino, eta joera hori Gernika-Lumon ere gertatzen da. “Badirudi pertsona nagusiek euren harreman horizontaletan gaztelaniarako joera sendoagoa dutela eta haurrekin daudenean errazago baztertzen dutela joera hori”, gaineratu du zuzendariak. Nagusien arteko taldeetan entzuten da gutxien euskaraz, eta haurrekin daudenean nabarmen igotzen da euskararen erabilera; 25 eta 64 urte bitartekoek, euren artean %28,7 egiten dute euskaraz, baina haurrak daudenean %44,3ra igotzen da bataz bestekoa.
Datozen urteetako bilakaerari begiratzekoan, garrantzitsua izango da haurren eta gazteen joerei erreparatzea. Gernika-Lumon datu “ezkorrak” agertu direla esateaz gain, badela itxaropenerako daturik uste du: haurren arteko elkarrizketetan, zertxobait gora egin du euskararen erabilerak. “Gertutik jarraitu beharko da hurrengo edizioan goranzko joera indartzen ote den. Izan ere, gogoan izan behar da egungo euskal hiztunen profil linguistikoa desberdina dela garai bateko euskaldunen artean ohikoena zen profiletik. Horregatik, kanpo eraginak tarteko direla ere, zaindu beharrekoak dira haur eta gazte horien hizkuntza erraztasuna, euskaraz modu lasaian aritzeko aukerak eta euskarazko sozializazioa”, adierazi dute.
Lehen aldiz jaso da emakumeek euskaraz gehiago hitz egitearen datua udalerrian
Euskararen biziberritzearena, ilusioz, erabakimenez, enpatiaz eta inteligentziaz gauzatu beharreko prozesu berritzaile eta eraldatzailea da, bizikidetza zainduz eta gizarte hobe bat eraikitzeko bidean.
Herritarren kezka.
Aurkezpenera bertaratu ziren gernikarren kezka “nabaria” izan zen, eta ikastetxe inguruetako datuekin “oso arduratuta” agertu ziren. Datuak espero zituztenak baino hobeak izan ziren, baina “harrituta” geratu ziren gazteen erabileraren datuek horrenbesteko jaitsiera izateagaz. Bertaratutakoek “gizarte mailako erantzukizuna, inplikazioa eta mugimendua” beharrezkoak direla adierazi zuten.
Izan ere, azken hogeita hamar urteetan, euskara gaitasunak ez du nabarmentzeko aldaketarik izan udalerrian: %66,8koa zen 1986an, eta %69,9koa 2016an. Lehen hizkuntzari eta etxeko hizkuntzari dagokionean, aldiz, beheranzko joera bat baieztatzen da: 1991ean %60,6koa zen lehen hizkuntza euskara zutenen datua, eta %50,7koa zen 2016an; etxeko erabilera %42,1etik %38,8ra jaitsi zen urte horietan. “Laburbilduz, esan daiteke hogei urteko epean ia zortzi puntuko jaitsiera behatu dela euskararen kaleko erabileran, eta balio antzekoetan geratu dela udalerrian bizi diren euskaldunen ehunekoa. Beraz, beheranzko joera atzeman da lehen hizkuntzaren eta etxeko euskararen erabileraren balioetan“, ondorioztatu du adituak.
Iñigo Magunagoikoetxea udalerriko euskara zinegotziak adierazi zuen datu hauek udalerriko errealitatearen “argazkia” egiteko balio zutela, gero, horren araberako Euskararen Plana osatzeko: “Urtarrilaren amaieran martxan jarriko dugun Euskararen Plana garatzeko ekintzak definitzeko momentuan azterketa hau izango da abiapuntua, jakiteko zein indargune eta ahulgune ditugun”.