Etxeko lanak zaildu ez daitezen
Lointek Gernika Bizkaiak IDK Euskotrenen kontra jokatuko du bihar, Ibaetan, Emakumezkoen Endesa Ligako hamahirugarren jardunaldian. Azken partidu bietan galdu ostean, garaipena berraurkitzea bilatuko dute Anna Montañana valentziarraren jokalariek, batez ere, Erregina Kopako txartela ziurtatze aldera.
Lointek Gernika Bizkaiak Gabonak orduko etxeko lanak egitea bilatuko du bihar 19:30ean Ibaetan jokatuko duen Emakumezkoen Endesa Ligako partiduan. Lehiaketako hamahirugarren jardunaldiko norgehiagokan IDK Euskotren talde gipuzkoarra izango du aurrez aurre. Helburu bikoitza edukiko du Anna Montañana entrenatzaile valentziarraren lantaldeak: azken partidu biak galdu ostean, berriro garaipenaren bidezidorrera bueltatzea; horregaz batera, Erregina Koparako txartela ziurtatzeko bidean urrats esanguratsu bat egitea. Lehiaketa horretarako sailkatzea ia ziurtaturik zeukaten duela jardunaldi bi, baina azken porrot biek eta taulan beren azpitik dauden taldeen garaipenek presiopean ipini dituzte gernika-lumotarrak.
Ligako lehen itzulia amaitzeko, hiru jardunaldi geratzen zaizkie Malostekoei. Gaur-gaurkoz, zazpi garaipen eta bost porroteko bilakaera dute, hurrengo jardunaldian aurkari izango duten Duran Maquinaria Ensino talde galiziarrak baino irabaziriko partidu bat gehiago. Lugon jokatuko duten hurrengo norgehiagoka hori, beraz, hil ala bizikoa izan daiteke; hori dela eta, Gernika-Lumoko taldeak etxe lanak euskal derbia irabaztetik hasita egin beharra du.
Lointekek oso ondo ezagutzen du IDK; denboraldi hasieran, Tolosan lehiatutako Euskal Kopan, donostiarrek 67-72 irabazi zieten, itxura paregabea erakutsiz. Orduko IDK eta egungoa, baina, bestelako taldeak dira: Azu Muguruzaren taldea une gogorra pasatzen ari da, sentsazioei dagokienez. Ligako sailkapeneko zuloan daude: azken-aurreko postuan kokatuta. Momentuz, lau garaipen eta zortzi porrot pilatu dituzte aurten, horietako sei azken jardunaldietan eta jarraian. Bestalde, aurten EuroCup Women lehiaketan debuta egin dute, eta bertan ere ez dira trebe ibili, multzokako faseko sei partiduetatik bakarra irabazita; Europatik kanporatuta geratu dira, ondorioz.
Ez dago arerio txikirik. Emaitzak alde eduki ez arren, lantalde sendoa eta anitza elkartu dute aurten, Marim Coulibaly buru dutela. Erreferentziazko jokalari hori jaurtitzailez inguratuko dute, hura babesteko; Maria España, Natalia Rodriguez eta Yurena Diaz dira azpimarragarrienak. Horiez gain, Joy Brown, Cristina Soriano edota Ane Esnal bezalako jokalari lehiakorrak mantendu dituzte aurtengo denboraldian. Fitxaketarik esanguratsuenei dagokienez, NCAAtik etorritako Nicole Cardaño-Hillary, Bembibreko jokalari ohi Kadri-Ann Lass, Vanessa Jasa hamazortzi urteko letoniarra edota Ivana Racaren denboraldi hasierako hutsunea ordezkatzeko fitxaturiko Alima Dembele nabarmentzen dira.
Gernikaren egitekoa, taldetik adierazi dutenaren arabera, Coulibalyk sor ditzakeen arriskuak ahal bezainbeste saihestea da. Izan ere, puntu nahiz erreboteak pilatzen espezialista izateaz gain, taldekideen arteko itsasgarria da Coulibaly. IDKren jokoari saskiratzeak, jaurtiketak, eraginkortasuna eta segurtasuna ematen die. Gernika-lumotarrek erritmoaren faktorea baliatu beharko dute: baloien galera kontrolpean edukitzeagaz batera, abiadura ahalik eta handiena izatea komeni zaie Montañanarenei.