Ametsari jarraipena emateko unea
Gernika SDk Celtaren kontrako Errege Kopako kanporaketa jokatuko du bihar, 19:00etan, Urbietan. Galiziarrak hautagai diren arren, jendez lepo egongo den etxeko zelaian ezustekoa ematea bilatuko dute. Taldea sasoi betean iritsiko da, ligako azken bost partiduetatik lau irabazi ostean.
Gernika SD futbol taldeak Celtaren aurkako Errege Kopako kanporaketa partidua jokatuko du bihar, 19:00etan hasita, Urbietan. Leganes Bigarren Mailako aurkakoan ezustekoa eman eta talde madrildarra kanporatu ondoren, Errege Kopako abenturagaz jarraitzea bilatuko dute Aitor Larrazabalen eta Gorka Iraizozen jokalariek, berriro ere etxeko zaleen berotasunagaz. Aurrez aurre edukiko duten arerioa, baina, mailakoa izango da: Celtak Lehen Mailan jokatzen du. Lehiaketaren hurrengo fasera aurrera egiteko helburua lortzea, horrenbestez, oso gaitza izango da gernika-lumotarrentzat. Dena dela, “itxaropentsu eta ilusioz gainezka” ageri dira, taldeko kapitain Koldo Berasaluzek adierazi duenaren arabera.
Gernika-Lumoko jokalariak “partidu berezia” izango dela azaldu du: “Taldearen ehungarren urteurrena ospatuko dugu; ehun urteko ibilbidean, Urbietako zelaia zapalduko duen Lehen Mailako estreinako taldea izango da Celta, eta horrek balio erantsia emango dio partiduari, esangura aldetik. Taldekide guztiok oso motibatuta gaude, eta ditugun aukera urrietan sinesten dugu”. Leganesen kontrakoa asteburuz jokatzeak Gernika SDri onura egin baldin bazion, oraingo honetan bigarren kanporaketa aste bitartean jokatzea egokituko zaie; horrek zenbait traba dakartza beregain, hala nola, berreskurapen fisikoari dagokionez.
Koldo Berasaluze: “Celta 100 urtean Urbieta zapalduko duen Lehen Mailako estreinako taldea da”
“Gabonak orduko ligako azken partidua zapatuan jokatu genuen, eta, Errege Kopako zitara begira, astearen planteamendua aldatu egin dugu”, argitu du kapitainak. Izan ere, ligan zapatuz jokatzen duten bakoitzero, futbolariek astelehenera arte atseden hartu ohi dute, baina, oraingo honetan, igandeaz geroztik dabiltza Celtaren aurkakoa prestatzen: “Domeka eta, batez ere, astelehena berreskurapen fisikoari eskaini genizkion; dena dela, martitzenaz geroztik, gogor entrenatzen ari gara”. Urbietakoen buruko min handienetakoa lantaldearen sakontasuna da. Celtak, goi-mailako taldea izanda, hainbat jokalari ditu lehiatzeko prest, eta baita bigarren taldeko zenbait ere. Gernika SDk, bere aldetik, Jon Larrauriren, Martin Bengoaren eta Eneko Eizmendiren hutsuneak ditu, hiruak lesio luzeekin. Nolanahi ere, Berasaluzek azaldu du Leganesen aurkakoan ere hutsune horiek eduki zituztela, eta “ganoraz asmatu zutela”.
Talde lehiakorragoa. Hutsuneak hutsune, ordutik gaur egunera kalitate jauzi azpimarragarria egin du taldeak: azaro hasieran, taldea porroten boladan murgilduta zegoen, ligako jaitsiera postuetan. Baina madrildarren kontrakoa “inflexio puntua” izan zen: “Jokoaren dinamikak eta pentsamoldea apur bat aldatu genituen, eta emaitzak agertzen hasi ziren”. Hain zuzen ere, ligako azken bost jardunaldietako lautan garaipena eskuratu dute, eta bakarra berdindu; hori gutxi ez, eta gol bakarra jaso dute bost partiduotan. “Esan daiteke Leganesen aurka jokatu zuena baino talde lehiakorragoa eta motibatuagoa dela egungoa”, nabarmendu du gernika-lumotarrak.
Egin beharreko jokoari buruz galdetuta, argi eta garbi dute: defentsa harresi bihurtzea. “Celtaren erasoaldiak ahal bezainbeste kontrolatzen saiatu behar gara, eta kontrara jokatzen; ditugun aukera urriak aprobetxatzea gako izango da”, azaldu du Berasaluzek. Galiziarrak ohituta ez dauden zelai batean ezustean harrapatu asmoz, berdegunearen abantailak baliatuko dituzte etxekoek: “Celtak belar naturaldun zelaian jokatzen du, eta gu, berriz, ohituago gaude gune sintetikoagaz jokatzera; hori bai, ikusi dugu partidua belar artifizialezko eremuetan prestatzen aritu direla, eta, hortaz, seguru gaude horrek ez dituela kikilduko”.
Koldo Beresaluze: “Oso motibatuta gaude, eta ditugun aukera urrietan sinisten dugu”
Ikusleen berotasuna, Leganesen kontrako kanporaketan bezalaxe, alde edukiko du etxeko taldeak. Izan ere, sarrera guztiak jadanik salduta daude. Ez hori bakarrik: Vigotik ere jende ugari joango da Urbietara. “Geurean ere galiziar jatorridun herritar asko daude, horientzat karga sentimental handiko zita izango delakoan gaude”, azaldu du kapitainak. Celta, ustez baldin bada ere, gehiago izan beharko litzateke maila, lantalde, eskarmentu eta izen aldetik. Baina Gernika SD frogatu du edonori ezustekoa emateko gai dela eta azken txistua entzun arte edozer gerta litekeela. Errege Kopako ametsak aurrera darrai.