Pablo Gonzalezen askatasuna eskatzeko mobilizazioa egingo du Kontseilu Sozialistak, barikuan
Natoren aurka egiteko eta informazio eskubidearen aldeko mobilizazioa izango dela adierazi du Kontseilu Sozialistak, eta herritarrei parte hartzeko deia egin die.
Pablo Gonzalez otsailaren 28an atxilotu zuten Polonian, Ukrainako gerraren berri emateko kazetaritza lanetan ari zela, “atzerriko indar batentzat espioitza delitua egotzita”. Ordutik, isolamenduan egon da azarora arte, bere emazte Oihana Goirienaren bisita jaso zuen arte. Hala, kazetariaren askatasuna exijitzeko, informazio eskubidearen alde egiteko eta NATOren aurkako aldarria zabaltzeko mobilizazioa deitu du Busturialdeko Kontseilu Sozialistak, abenduaren 23rako; 19:30ean jarri dute hitzordua Merkurion.
Hiru hilabetez luzatu zuten azaroan Gonzalezen behin-behineko espetxealdia; beraz, gutxienez, urtebete egingo du kartzelan. Zigorra hiru hilabetez luzatu dioten hirugarren aldia izan zen joan den hilabetekoa, otsailean atxilotu zutenez geroztik. “10 urte bitarteko kartzela zigorra eskatzen diote. 10 hilabete igaro dira eta orain arte bisita bakarra izan du, konfiantzazko abokatua ukatu diote eta ez du kanpo komunikaziorik izan. Senidearteko komunikazioetatik jaso ahal izan duguna da egoera kaxkarretan mantentzen dutela eta fisikoki nabarmen sufritzen ari dela: hotza, gosea eta gutxieneko beharren falta”, adierazi dute Kontseilu Sozialistako kideek.
Gainera, salatu dute Ukrainako gerrak eztanda egin zuenetik “Mendebaldeko bloke inperialista bere interesekoa den pentsamendu bakarra inposatzen” ahalegindu dela, “NATOren indartzearen bitartez”: “Bloke geopolitiko horrek merkatu mundialean duen bere posizioa mantentzea du helburu. Horretarako, manipulazio mediatikoa eta informazioaren erabilera interesatua eguneroko ogia izan dira”.
Besteren artean, Europar Batasunean, gizartea informatzeko eskubidea “behin eta berriro” urratzen dela salatu dute Kontseilu Sozialistako kideek, eta uste dute “zentsura eta jazarpena normalizatzen” saiatu direla. “Horrela ulertzen dugu Gonzalezen kasua, adierazpen askatasunaren, informatzeko eskubidearen eta kritikotasunaren aurkako erasoa. Horrelako kasuek beldurra zabalu eta antzeko jarrerentzako jazarpen eredu izan gura dute”, adierazi dute.
Europar Batasunaren joera “totalitarioak” ere kritikatuko dituzte barikuko mobilizazioan: “Krisi bat deklaratu bezain pronto neurri diktatorialak hartu dituzte: jazarpen polizialaren normalizazioa, militantzia politikoaren debekuak, kontrol sozialaren handitze neurriak, teknologia militarreko inbertsioak…”.
Kotseilu sozialistakoek diotenez, NATOk “heriotza eta basakeria banatzen” ditu periferiako herrialdeetan. Gainera, salatu dute Espainiako Gobernuak defentsarako zeukan gastua %25 igo duela: “Ezkerreko alderdiek aurrekontu hauek onartzeaz gain, Ukrainako estatua ere babesten dute, faxismoarekin duen lotura zurituz, eta, beraz, faxismoaren gorakadari bidea eginez”.
Ondorioz, diotenez, ez dagoela “proletalgoaren eskubide politikoak” baimentzen dituen estatu burgesik diote, “ezta kapitalaren interesak kolokan jar ditzakeen informazioa hedatzea onartzen duenik ere”. Beraz, herritarren antolakuntza independentea bultzatu behar dela diote.