Gabon kontzertuak eskainiko dituzte Segundo Olaeta Musika Eskolako musikariek
Ate joka daude Gabonak, eta Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasleak kalera aterako dira.
Ate joka daude Gabonak, eta Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasleak kalera aterako dira. Hala, Gabonak girotzeaz gain, ikasturteko lehen hilabeteetan orain arte ikasitakoa erakutsiko dute udalerriko gune desberdinetan, bihar hasi eta barikura bitartean.
Lizeo Antzokia eta Elai-Alai areto txikia musikatuko dituzte bihar eta etzi, eta Gorabide Eguneko Zentroan, Kaltzada Egoitzan, Torrezurin eta udalerriko erdigunean ariko dira kantu kantari barikuan.
Musika eskolako arduradunek adierazi dutenez, “askotariko errepertorioa” eskainiko dute musikari gazteek: ”Horien artean, nola ez, Gabonetako abestiak izango ditugu, baina denetarik entzuteko aukera egongo da”.
Lizeo Antzokia musikatzen hasiko dira kultur astea bihar, 19:00etatik aurrera. Sei taldek parte hartuko dute; hala nola, 4 eta 5 urte bitarteko haurren abesbatza igoko da oholtzara, baita piano bakarlariak, Orkestra Txikiko musikariak eta Ganbara taldekoak ere. Haize Ensenblea eta Harizko Orkestra ikusteko aukera ere egongo da.
Etzi, berriz, bi saio eskainiko dituzte musika eskolakoek; lehena, 19:00etan Elai-Alai aretoan, eta, bigarrena, 20:00etan Lizeo Antzokian. Lehenengo saioan, sei urteko umeak, eta Kimu, Gitarra, Txistu eta Ganbara taldekoak ariko dira; bigarren saioan, ostera, Kobo taldekoen txanda izango da.
Adinekoentzako saioak
Azken emanaldiak barikuan izango dira, trikitixa taldekoek kontzertuak eskainiko baitituzte udalerriko adinekoen egoitzetan eta Gorabide elkartearen egoitzan; 16:30ean Gorabiden egongo dira, 17:30ean Kaltzada egoitzan eta 18:30ean Torrezurin.
Konboek kaleko emanaldi batekin itxiko dute musikarien kultur astea; Iparragirre eskulturaren parean ariko dira 19:00etan.