Oposizioak 2023ko Bermeoko udal aurrekontuen kontra bozkatu du
EH Bilduko zinegotziek adierazi dute gobernu eredu "oso desberdin" batean sinesten dutela. Guzanek udal aurrekontuaren proiektuari ezetza eman dio "herriko ekonomiaren kalterako delako". Oposizioko bi alderdiek "propaganda hutsa" egitea leporatu diote udal gobernuari, eta herritarrei ez zaiela informaziorik helarazten salatu dute.
EH Bilduk zein Guzan Herri Plataformak ezezko botoa eman diote 26,4 milioi euroko 2023ko Bermeoko udal aurrekontuei. Plataforma independentekoek “argi eta garbi” utzi dute aurrekontuen negoziaketen “jokoan” beraiek ez dutela parte hartuko, eta EH Bildukoek ezezkoa “borobila” dela adierazi dute.
Guzan ez bezala, EAJ-PNVrekin adostasun batera heltzen saiatu da EH Bildu. Zortzi bloketan banatutako 35 emendakin aurkeztu zituen EAJrekin izandako batzarrean. Alderdi jeltzaleak proposamenak aztertu ostean, oposizioaren “ideia pare bat” sartu ditu aurrekontu proiektuan, baina “inondik inora ere ez nahikoa izan”. Elkarlanerako jarrerarekin joan baziren ere, “ezinezkoa” izan da adostasun batera heltzea.
“Larrialdi ekonomiko eta klimatikoa protagonista” den testuinguru honetan, EH Bilduk kontrako botoa ematearen erabakia hartzearen arrazoi nagusiak plazaratu ditu gaur goizeko osoko bilkuran. Lehenik eta behin, EAJrekin alderatuz, gobernu eredu “oso desberdin” batean sinesten dutela adierazi dute. Gainera, azkenengo lau urteetan herritarren parte hartzea “oso eskasa” izan dela salatu dute, eta beraiek herritik sortutakoak izanik, herrigintzan sinesten dutela gogoratu dute.
Emendakiak, zortzi bloketan. Oposizioko talde nagusiak EAJri aurkeztutako emendakinen blokeak azaldu ditu osoko bilkuran. Lehenengo blokean kirola sustatzea bilatzen duten ekimenak zeuden, gutxi gorabehera 78.000 euroko inbertsioagaz. Bestek beste, Bermeoren kirol marka sustatzen lagunduko zuen teknikari baten lan postua sortzea proposatzen zuen. Bigarren blokea haur eta umeen aisialdiarekin eta heziketarekin lotuta dago, eta, bertan, udalak adierazi du EH Bilduren eskaera kontutan hartuko duela, eta, udalaren planen barruan dagoela beste parke estali bat eraikitzea. Gainera, EH Bildukoek Herri Hezitzailea bezalako proiektu bat “beharrezkoa” ikusten dute, eta “hezkuntza estrategi bat” izatearen garrantziaz hitz egin dute.
Bizi kalitatea hobetzeko blokeko emendakinek 91.000 euro inguruko gastua izango lukete, eta, bertan, herritar behartzuenei laguntza ekonomikoak eskaintzea eta gazteen emantzipazioarako laguntzak proposatu dituzte. Larrialdi klimatikoaren testuinguruan, 133.000 euro inguruko emendakinak aurkeztu dituzte laugarren blokean. Mugikortasun plana izan da blokearen erdigunean, eta, Bermeoko Udalak martxan daukan mugikortasun plana eguneratzea eskatu dute.
EH Bilduk zortzi bloketan banatutako 35 emendakin aurkeztu zitzkion EAJri
Tokiko kontsumoa sustatzeko 20.000 euroko emendakinak azaldu dituzte, hala nola, Bermeoko produktuak sustatzeko azokak antolatzea. Berdintasunaren aldeko blokea ere diseinatu dute EH Bildukoek. Hiru urteren ostean, Bermeoko Udalak berdintasun teknikaria izango duela eta, “pozik” daude, eta, besteak beste, Emakumeen Etxea sortzeko ideia plazaratu dute. Euskeraren erabilerarekin daukaten ardura ere adierazi dute zazpigarren blokearen bidez. Eingule? kanpainarena ideia “ona” dela diote, baina beste pauso bat eman behar dela uste dute. Bukatzeko, parte hartzearen kezka adierazi dute. Bermeotarrek udalaren erabakietan parte hartzearen garrantzia azpimarratu dute.
Guzanek gogor kritikatu du udal aurrekontuak diseinatzeko prozesua. “Joko” hori ez dutela “legitimatuko” adierazi dute, eta aurrekontuetan bozkatzen denak garrantzirik ez daukala diote, urtean zehar udal gobernuak “dekretu bidez nahi duena egiteko gaitasuna” daukalako.
Egungo udal gobernuak bozkatu beharreko azkenengo aurrekontuak izan direnez, Guzanek esan die “nahikoa” dela promesak egiteaz, eta lau urte hauetan egindakoaren balorazio bat egiteko unea iritsi dela. Lau urteko zikloa titular baten bidez laburbildu dute: “Herri modura nortasuna eta baloreak galtzen gabiltza”. Horren hainbat adibide aurkeztu dituzte osoko bilkuran. Besteak beste, Bermeoko Udalak pasa den urtean martxan jarritako Nik Bermeon kanpainan erabilitako dirua salatu dute. Udalak milioi bat euroko aurrekontua aurkeztu zuen, eta, “azkenean, 100.000 euro baino ez ziren erabili”. Gainera, aipatu kanpaina irgartzeko erabili ziren kartelak Deban eta Gasteizen inprimatu ziren, “Bermeon egin ahal zirenean”.
Alkateak azkenengo urteetako aurrekonturik “altuena” dela esan duela eta, Guzaneko ordezkariek EAJk “egiten ez dituen” bi galdera edo hasunarketa egin behar dituela aldarrikatu dute; lehenengoa, diru kantitate hori Bermeon eta inguruan nola inbertitu daitekeen galdetu behar dela zehaztu dute, eta, bigarrena, diruaren erabilera “gardena eta hurbilekoa” egin behar dela diote.
Oposizioaren iritzia ezertarako kontutan ez izatea leporatu dio Guzanek EAJri
“Berba potoloak”. EAJk “jendea erakartzeko berba potoloak” erabiltzen dituztela kritikatu dute plataformako zinegotziek. Hori argudiatzeko, Bermeoko Udalak aurrekontuetan bermeotarren bizi kalitatea hobetzera bideratzen duen diru sailaren zati bat nora bideratu duten azaldu dute: “Azkenengo lau urteetan, bermeotarren bizi kalitatea hobetzeko izan behar ziren 80.000 euro udaltzainen arropetan gastatu ditu udalak”.
Herri plataformak, Bermeoko Udalak kanpoko pertsonalaren kontratazioren kostuan izan duen %30eko gorakada ere salatu du. EH Bildu agintaldian zegoenean beraiek kritikatzen zuten zerbait dela gogorarazi diete, eta gastu hori murriztu egin behar dela adierazi diete.
EAJkoak Bermeo “eraldatzen” ari direla adierazi dute. Guzanekoek, ordea, transformazio hori obretan baino ez dela ikusten erantzun dute, eta “Bermeo inondik inora ere Abante ez dagoela” azpimarratu dute. EAJk gehiengo absolutua daukanez, “oposizioaren iritzia ezertarako kontutan ez daukala” kexatu dira, eta EH Bildugaz negoziatzeko saiakera ikusita, hartutako erabakia ona dela uste dute.
Bakoitzak oposizio lanak egiteko modu propioa badu ere, EH Bilduk eta Guzanek “propaganda hutsa” egitea leporatu diote udal gobernuari, eta herritarrei ez zaiela informaziorik helarazten salatu dute. Horregatik, biek ala biek eskatu dute herritarrekin harreman “horizontalagoa” izatea.