Nortasuna ez da nahikoa euskal derbietan
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak 20-23 galdu du, Ampo Ordiziaren kontra, Urbietan jokaturiko Ohorezko Mailako partidua.
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak Ampo Ordiziaren kontra euskal derbia jokatu zuen zapatuan, Urbietan. Partidu borrokatua eta gogorra izan zen hasieratik amaierara, eta azkenean basurdeek ezin izan zuten lehendabiziko garaipena eskuratu etxeko zaleen aurrean: 20-23 amaitu zuten partidua. Lehen zatiko lehen minutuetatik argi eta garbi geratu zen norgehiagokak euskal derbiek eduki ohi duten lehiakortasuna izango zuela. Zenbait jokalari min hartuta eta zelaigunetik aldenduta eduki arren, Gernika RT aitzaikia barik eta itxura oso txukuna erakutsiz zelairatu zen, aurtengo ligako estreinako garaipena etxekoen aurrean lortzeko asmoagaz.
Lehenengo zatian basurdeak talde gipuzkoarrekoak baino sendotasun handiagoagaz azaldu ziren, eta maila oso handian jokatu zuten. Gernika RTko entrenatzaileak, Eduardo Maidagan gernika-lumotarrak, adierazi du “asko gustatu zitzaiola” lehen zatian ikusitako taldea: “Uneoro zelaian geure lekua aurkitzen jakin genuen, eta aurkarien erasoaldiei sendotasunez erantzun genien”. Atsedenaldira 13-3ko markagailuagaz joan ziren; ordura arteko irakurketa eta geratzen zenaren aurreikuspena oso positiboak ziren etxeko taldearentzat.
Bigarren zatiaren hasieragaz, baina, Ampo Ordiziak urrats bat aurrera egin zuen, eta partiduaren maila goragoko kotara igo zuen. Aurrerapauso horri erantzuterakoan, basurdeek arazoak eduki zituzten; hain zuzen ere, defentsa lanetara baino ezin izan ziren mugatu Maidaganen jokalariak. Zelaiaren atzealdean lehen 26 minutuetan gotortuta egoteak asko murriztu zuen eduki zituzten puntuazio aukeren kopurua, eta ordiziarrek aurrea hartu zieten markagailuan. Partiduak dominatzaile berria zuen. Jokaldiz jokaldi, 20-13raino iritsi ziren Ampo Ordiziakoak.
Markagailua kontra eduki arren, basurdeak ez ziren kikildu, eta gogor saiatzen jarraitu zuten. Ekin horrek, bigarren zatiaren azken minutuetan, saria eduki zuen: 20-20 berdindu zuten. Azken txanpan, Ordiziakoek 23-20koa ezarri zuten eta, azkenengo aukera bat eduki arren, etxekoek ez zuten berdinketa lortzen asmatu. Markagailu horregaz egin zien ihes, irudi borrokalaria erakutsi arren, euskal derbiak.
Urte hasiera erabakigarria. Jarrera aldetik “talde sendoa” ikusi arren, Maidaganek azaldu du zortea eta jokaldiak zukutzeko gaitasuna “ez dituztela beste batzuek bezain alde”: “Partidu ona jokatu genuen, eta aurpegia erakutsi genion ligako sailkapeneko goiko postuetara begira dagoen talde bati; dena dela, denbora luzez defendatzera bakarrik mugatuarazi gintuzten, eta horrek asko murrizten du puntuak egiteko edozein saiakera”. Gabonetako etenaldia egingo du Ohorezko Mailak, eta urtarrilean berrekingo diote lehiaketari. Pozuelo talde madrildarra izango dute aurrez aurre Maidaganen jokalariek, urtarrilaren 15ean. “Aurten igo dira Ohorezko Mailara, baina lantalde oso lehiakorra eratu dute. Zuzeneko aurkaria da, Ampo Ordizia ez bezala; Pozuelogaz batera, Belenos, La Vila eta Les Abelles dira, besteak beste; beraz, etxera puntuak ekartzeko asmoz joan beharko gara Madrilera”, argitu du entrenatzaileak