Mundaka Amestuz prozesuaren lehenengo fasean, herritarren iritziak kalean batzen ari dira
Mundakarren egungo zein etorkizuneko kezka nagusiak batzea helburu duen prozesu parte-hartzailearen barruan, kale-inkestak egingo dituzte bihar (abenduak 20). Online bidez ere bete daiteke galdetegia. Profil desberdina duten pertsonengana iritsi nahi du udalak, "aniztasuna jasota geratu, eta jende guztia ordezkatua sentitu dadin".
Mundakako egungo eta etorkizuneko erronkak idetifikatzea helburu daukan Mundaka Amestuz proiektua jarri zuen martxan Mundakako Udalak, eta lehenengo fasean zenbait jarduera burutzen ari dira. Herritarren artean eztabaida eta argudioen kontrastea sustatzeaz gain, mundakarren iritziak eta proposamenak jasotzea eta herritarrak udalerriaren hobekuntza prozesuan inplikatzea bilatzen du proiektuak.
“Mundakan etorkizunerako erronka oso konplexuak ditugu, besteak beste, Urdaibaiko Biosfera, aparkalekuak, etxebizitzak, turismoa, lana eta zaintzak. Beharrizan horiek identifikatu ostean, erronka horiei erantzungo dieten helburuak zehaztuko dira. Prozesuak balio izan dezan, beharrezkoa izango da eragile guztiak bertan bateratzea eta lankidetza modu berriak bilatzea”, azpimarratu du Mundakako alkate Irati Gondrak.
Herritarren kezkak zeintzuk diren ezagutzeko asmoz, azaroaren 28an batu ziren lehenengoz udal ordezkariak herritarrekin. Bertan, udalerriko hainbat eragile eta herritarrek euren ekarpenak egiteko aukera izan zuten. Saio hori baliagarria izan zen beharren lehen bilketa bat egiteko eta herritarren sentimendua ezagutzeko. Lehen saio horretako emaitzekin udalak herritarren kezka nagusien lehen katalogazio bat egin zuen; ikauspegi partekatuaren falta, nortasunaren galera, turismoa edota euskara eta lana izan ziren kexka nagusienetako batzuk.
Azaroaren 28ko saio nahikoa ez, eta udalak mundakarrek iritzia ezagutzen jarraitu nahi du “safarien” bidez, hau da, kale galdeketen bidez. Lehenengoa, eguenean (abenduak 15) izan zen, eta bigarrena, bihar (abenduak 20) izango da. Proiektuko ordezkari bi udaleko hainbat txokotan egongo dira komunikazio “ahalik eta zuzena izan dadin”. Galdeketa hauen bitartez, profil desberdina duten pertsonengana iritsi nahi du udalak, “aniztasuna jasota geratu dadin eta jende guztia ordezkatua sentitu dadin”.
Online bidez. Galdetegia erantzuteko aukerarik izan ez duten herritarrek online bidez erakutsi ahalko dituzte beraien kezkak. Horretarako, Mundakako Udalak https://labur.eus/hk1dD webgunea jarri du eskuragarri.
Behin mundakarren kezkak jasota, udalak bost erronka lehenetsiko ditu herritarrekin batera, eta, ondoren, bost erronka horiei erantzungo dieten misioak definituko dituzte.