Ligako lehen porrota etxean
Lointek Gernika Bizkaiak 59-63 galdu du Casademont Zaragozaren kontra, Malosten, Emakumezkoen Endesa Ligako hamabigarren jardunaldian. Partidu berdindua izan arren, azkenean zaragozarrek lortu dute garaipena. Gernika-Lumotarren aurtengo ligan Malosten jaso duten lehen porrota da.
Zapatuko Malosteko partiduak borroka usaina zuen: Lointek Gernika Bizkaiak Casademont Zaragoza taldea hartu zuen. Biak ala biak zazpi garaipen eta lau porroteko bilakabide berberagaz iritsi ziren Emakumezkoen Endesa Ligako hamabigarren jardunaldiko norgehiagokara; neurketa estua espero zen, beraz, eta halaxe izan zen. Lointekekoak behin eta berriro saiatu ziren etxeko zaleen aurrean ligako garaipen sortagaz jarraitzen, baina ez zuten lortu hamar puntu baino gehiagoko alderik egiterik, eta zaragozarrek, azkenean, garaipena poltsikoratu zuten. Akabo, hortaz, Gernikaren aurtengo ligako menderaezintasuna Malosten.
Lehendabiziko minutuetako protagonista nagusia Andrijana Cvitcovic izan zen: etxekoen lehenengo zazpi puntuek kroaziarraren sinadura eduki zuten. Casademont Zaragozakoek, ostera, barrualdeko jokoaren eta erasoaldietako erreboteen bitartez nagusitasun fisikoa bilatu zuten. Lehen laurdena, dena dela, zeharo berdindua izan zen. Puntudun jokaldiak ekoiztea ogibide oso gaitza izan zen bi taldeentzat, eta batek ere ez zuen nagusitasun sentsaziorik erakutsi. Lehen laurdena 14-12ko markagailuagaz amaitu zuten.
Anna Montañana entrenatzaile valentziarrak Gernika-Lumokoen jokoa bertikaltasunean oinarritzeko saiakera egin zuen, eta horretarako piezarik egokiena topatu: Gabija Meskonyte. Lituaniarrak, jokoan sartu bezain laster, era guztietako jokaldiak zukutu zituen, bederazi puntu ia jarraian lortuz. Casademont Zaragozako entrenatzaile Carlos Canterok, bere aldetik, Markeisha Gatling estatubatuarra kantxaratu zuen, baina Lointeken azken fitxaketak, Patricia Burak, lan bikaina egin zuen bere jokaldiak blokeatzen. Kroaziarrak, besteak beste, Gatlingek uneoro deseroso jokatzea, kantxan bere espazioa ez topatzea eta, oro har, partiduaren atsedenaldira aukerekin ailegatzea lortu zuen: 29-30.
Gatlingen mehatxua. Aldageletatik itzultzean, zaragozarrek beren hasierako planari eutsi zioten: Gatlingek ahal bezainbeste baloi jasotzea kantxaren barrualdetik, jokaldiak bukatu ahal izateko. Casademontekoen asmoa presioa eginez jokatzea zen, saskipean edota kanpoaldeko jaurtiketekin errematatze aldera. Estrategia horrek defentsa lanak sendotzera derrigortu zituen etxekoak; defentsa hori gako izan zen, hain zuzen ere, hamar puntuko aldea eskuratzeko. Partiduko alderik handiena horixe izan zen. Errentak handitu eta partidua garaipena ziurtatzerako orduan, baina, ez zuten asmatu, eta Zaragozak hurre jarraitu zuen markagailuan; 47-41 ekin zioten azkenengo laurdenari.
Azken aldi horretan, Vega Gimeno eta Helena Oma izan ziren Malostekoen amesgaiztorik handienak. Lointekek markagailuan zituen aldeak murriztu egin zituzten; Carmen Grande izan zen, baina, Zaragozakoak aurretik ipini zituena. Azken minutuetan, Lointeken jokoak ez zuen ziurtasunik eta fidagarritasunik izan. Une hartan, lesio batetik itzulitako Sandra Igerabidek taldearen ardura beregain hartzeko saiakera egin zuen, baina ez zen nahikoa izan. Jaurtiketa libreetan ere ez zuten asmatu etxekoek, eta akats horiek aldea markatu zuten. 59-63ko markagailua harrapatu zuen Casademont Zaragozak, eta horrela amaitu zuten partidua. Aurtengo denboraldiko ligan, Lointek Gernika Bizkaiak Malosten jaso duen estreinako porrota izan zen zapatukoa. Hurrengo zitari dagokionez, aste bitartean edukiko dute: eguenean IDK Euskotren talde donostiarraren kontra euskal derbia jokatuko dute, Ibaetan.