Barandika finalerdien atarian geratu da Berriatuan
Xabier Barandikak ezin izan du Jean Dominique Olharanegaz, Berriatuko banakako zesta-punta txapelketan. Paubetarrak 2-1 irabazi dio gernika-lumotarrari, eta finalaurrekoetara igaro da.
Zapatuan Berriatuko banakako zesta-punta txapeketako partiduak lehiatu zituzten. Final laurdeneko norgehiagokak izan ziren, goi-mailako pilotarien artean: batetik, Jean Dominique Olharanek Xabi Barandikaren kontra jokatu zuen; bestetik, Imanol Lopezek Johan Sorozabalen kontra. Barikuan lehiatu zituzten gainontzeko bi final laurdenekoak: Aritz Erkiagak Julen Del Rioren kontra jokatu zuen, eta Aimar Aldazabalek Jokin Arberen kontra.
Barikuan, kostata izan arren, Erkiaga ispastertarrak Del Rio gasteiztarraren kontra garaipena lortu zuen: 12-10 eta 12-7 nagusitu zen. Bigarren partiduan, ostera, Aldazabal berriatuarrak Arbe markina-xemeindarraren kontra 2021ean galdutako finalaren mendekua hartu zuen, final laurdeneko partidua 2-0 irabaziz: 12-11 eta 12-6. Zapatuko norgehiagokei dagokienez, Olharan eta Barandikaren artekoa jokaldi gutxikoa eta oso fisikoa izan zen; biek ala biek piloteoan oinarritu zuten beren jokoa, atzealdeko koadroetan eskumakada nahiz errebeskada bitartez txik-txak nahiz txula jokaldiak eginez. Paubetarrak ez zuen aurkari sendoegirik topatu genrika-lumotarrarengan, eta 12-5 poltsikoratu zuen lehendabiziko seta.
Bigarren setean, baina, Barandika erosoago eta lehiakorrago aritu zen pilota biziagaz, eta 1-5 hartu zuen aurrea. Azkenean, 9-12ko markagailuagaz, Barandikak berdinketa eskuratu zuen, eta partidua hirugarren setean erabaki zuten. Berdinketa haustean, hain zuzen ere, Gernika-Lumokoa gogor saiatu zen, baina ezin izan zuen Olharan eta hark erabilitako pilota mantsoagoa menpean hartu; 4-0 aurreratu zen Paubekoa, eta 5-2ko markagailuagaz lortu zuen finalaurrekoetarako txartela.
Maila aldetik, laugarren eta azken final laurdenekoa izan zen onena: Imanol Lopez zumaiarra eta Johan Sorozabal miarriztar gaztea zein baino zein gehiago aritu ziren. Sorozabal beldur barik eta sendo hasi zen, baina Lopezek, partiduan sartu bezain pronto, bere legea ezarri, eta 12-5 irabazi zuen lehen seta. Dena dela, miarriztarra ez zen kikildu Lopezen eskarmentuaren aurrean, eta bigarren setean, goi-mailako jokoagaz, 7-12ko markagailua ezarri zuen. Berdinketa-haustea guztiz zirraragarria izan zen, 4-4ko markagailuagaz jokatu baitzuten azken tantoa; 10eko koadrotik borobilduriko dejada bategaz amaitu zuen Lopezek partidua.
Horrenbestez, Erkiaga-Aimar eta Olharan-Lopez izango dira finalerdietako partiduak. Bia ala biak datorren barikuan, hilaren 23an, jokatuko dituzte Berriatuko Mendibarren pilotalekuan, finalerako bidea zeintzuek egingo duten argitzeko.