Gorriz koloreztatu du Bermeo San Silbestre lasterketa solidarioak
420 pertsonek osatu dute San Silbestre lasterketa solidarioko Marea Gorria. Julen Urdaibai korrikalari bermeotarrak eraman du 001 dortsala.
420 pertsona batu ditu Eutsi Gogor Danok Batera Elkarteak antolatutako San Silbestre lasterketa solidarioak. Eguraldi “zoragarriak” lagunduta, kamiseta gorria jantzi, eta, Lamera inguruan hurbildu dira korrika egitera hainbat eta hainbat bermeotar. Adin guztietako korrikalariak izan dira gaurkoan Bermeon, eta antolatzaileek “goiz borobila” izan dela adierazi dute.
Ibilbide bi prestatu ditu antolakuntzak 2022ko San Silbestre solidariorako. Laburra, 500 metro inguruko ibilbidea izan da, eta herriko gazteenek zein gaixotasun arraroak dituzten umeek parte hartu dute bertan. Ahotik irrifarrea kendu gabe egin dituzte 500 metroak, bakoitzak bere erritmoan. Luzean, ostera, famili artean eta erritmo baxuan, edota lagun artean erritmo altuetan egin dituzte 4 kilometroak korrikalariek. San Silbestre solidarioa bukatu ostean, antolakuntzak ur botila bat, txokolatina bat eta mandarina bat banatu dizkiete parte hartzaile guztiei.
Dortsalen eta kamiseten salmentaren dirua gaixotasun arraroa daukaten umeen tratamenduak ordaintzera bideratuko dute. Antolakuntzak azaldu du tratamendu hauek direla, besteak beste, psikologia edota pedagogia zerbitzuak. Elkartekideak “oso pozik” agertu dira bermeotarrek erakutsitako konpromisoarekin.
Urtero bezala, elkarteak bermeotar bati oparatu dio 001 dortsala. Aurten, aukeratua Julen Urdaibai korrikalari eta irakaslea izan da. Hautaketaren arrazoia izan da bermeotarra “beti” egon dela Eutsi Gogor Danok Batera Elkartearen “ondoan”. Julenek azaldu du “poztasun izugarria” dela aukeratua izana eta “oso pozik” dagoela urtero familiarekin egiten zuen proba, aurten elkarteko umeekin egiteko aukera izateagatik.
Izaro Sub laguntza lanetan. 2022ko San Silbestreari amaiera emateko, Izaro Sub Elkarteak 2.160 euroko dohaintza egin dio Eutsi Gogor Denok Batera elkarteari. Urpekari elkarteak Ukrainiako umeei laguntzeko zeukan diru partidaren zati bat Bermeoko elkarteari eskaintzea erabaki du. “Dohaintza egitearen arrazoia izan da lasterketaren antolatzaileek joan den urtean San Silbestre lasterketan sobera geratu ziren txokolatinak ukraniar umeei laguntzeko oparitu zizkietela”.
Antolakuntzak ez ditu ahaztu nahi izan lasterketa solidario antolatzen lagundu duten eragile guztiak. Horiek izan dira, Bermeoko Udala, BBK, Intersport, Gurutze Gorria, Seguros Bilbao, Eroski, Herri Babesa, Aribike, Uhaina, Janire Estetika eta Matxitxako TKT.