Gernikan geratu da Euskadiko Karakol Txapelketako txapela
Euskadiko XLV. Karakol Txapelketa eta Etxeko Karakol Kazuela Txapelketa gernikarrek irabazi dituzte.
Jai giroa izan da protagonista gaurkoan Gernikako Merkatu Plazan. Asko izan dira plaza inguruan janari usaina hartu eta bertaratu direnak. Izan ere, goizean goizetik gutxinaka-gutxinaka egin dituzten karakolek usain edarra utzi dute atmosferan. Horren errudun izan dira gaur Euskadiko Txapelketara zein etxeko karakolen txapelketara aurkeztu dituzten kazuelak.
Goizeko 08:00tan heldu dira plazara goiztiarrenak. Kozinatzeko tokia prestatu eta goiz guztian zehar prestatzen aritu izan diren karakolen prozesuari hasiera eman diote. Gutxinaka-gutxinaka joan dira hurbiltzen gainontzeko parte hartzaileak ere, eta 09:30tarako Merkatu Plaza animatzen hasi da.
Partaide bakoitzak, gehienez, kazuela bi prestatu zitezkeen, eta gehienek bi aurkezteko erabakia hartu dute. Inork ez du bere errezetaren sekreturik kontatu nahi izan, baina denek egin dute bat sekretua saltsan dagoela esaterakoan. Hala ere, epaimahaikideek adierazi dute “zapore oso desberdineko” karakolak eta saltsak jan dituztela, eta, orokorrean, “oso ondo” egon direla.
Txapelketa bitan banatu dute antolatzaileek. Alde batetik, Euskadiko XXXI. Karakol Txapelketa jokatu da, eta bestetik, Etxeko Karakol Kazuela Txapeleta izan da. Txapel biak gernikarrek irabazi dituzte. Hona hemen sailkapenak.
EUSKADIKO XLV. KARAKOL TXAPELKETA
- 1. Patxi Lopez – Gernika-Lumo: 56 puntu
- 2. Pelikato – Bermeo: 51.5 puntu
- 3. Txoko Gaztelu Toki – Bermeo: 51 puntu
- 4. Lau Haizetara – Bakio: 50 puntu
- 5. Javier Uriarte – Fika: 50 puntu
- 6. Txakoli Uriarte – Fika: 49 puntu
- 7. Urzabal – Bakio: 47 puntu
ETXEKO KARAKOL KAZUELA TXAPELKETA
- 1. Miguel Barrena: 51 puntu
- 2. Josu Uriarte Hormaetxe: 47.5 puntu
- 3. Jone: 47 puntu
- 4. Olaia: 45.5 puntu
- 5. Antxoka: 45 puntu
- 6. Tarramplas: 41.5 puntu
- 7. Izaro: 38.5 puntu