Garbiñe Lopez de Uralde eta Ruth Linazak jantzi dute txapela Euskadiko Trontza Txapelketan
Unai Goitita aulestiarrak jarri du txapela Euskadiko Orga Txapelketan. 23 urteko gazteak 200 kilotako organ zuen marka pertsonala gainditu du.
Gaur lehiatu dira Gernika-Lumon Euskadiko Emakumezkoen Trontza Txapelketa eta Gizonezkoen Orga Txapelketa. Iraizoz ahizpekin lehia estua mantendu ostean lortu dute garaipena Trontza Txapelketan Garbiñe Lopez de Uraldek eta Ruth Linazak. Orga jokoan Unai Goitia aulestiarra gailendu zaio Ousmane Drameri. Jendetza batu da Merkatu Plazan txapelketa biak ikusteko.
Maria Iraizoz eta Ainhoa Iraizoz ziren gaur Gernikan txapela jazteko hautagai nagusiak. Hala helduta, lehenengo minutuak oso parekatuak izan dira Iraizoz ahizpen eta gaurko irabazleen artean. Bostgarren eta seigarren trontzen artean hasi dira pixka bat aldea egiten. Garaipena bikote bi horren artean egongo zela zirudien arren, Antsoaingo Etxebarria eta Biurrun behetik gorako lana egiten joan dira eta mehatzua izan dira azkenengo unera arte.
Bost minutu eta zortzi segundu baino ez dituzte behar izan txapeldunek hamar ebakiak egiteko. Iraizoz ahizpek sei minutu eta hamazazpi segundutan gelditu dute erlojua, eta Antsoaingo neskek hamahiru segundu gehiago behar izan dituzte lanak bukatzeko. Laugarrenak izan dira bearien lanak ia bederatzi minututan burututa Arratzuko Piratak taldeko bikotea, eta bostgarren postua Lorea Rojo eta Amaia Jimenezentzat izan da.
Txapeldunen haserrea.
“Bagenekien gauzak oso ondo egin behar genituela Iraizoz arrebei irabazteko. Zerbaitengatik izan diran horrenbestetan Euskadiko txapeldunak, eta ohore bat da txapela horrela irabaztea. Gainera, lehen aldiz aritu gara bikote bezala eta beraz poztasuna oraindik handiagoa”, adierazi dute txapelketak. Ahoan irrifarre batekin agertu badira ere, txapelketaren organizazio “txarra” salatu dute garaileek, izan ere, txapelketa hau “orain dela asko” ospatu behar izan zela gogoratu dute.
Goitia txapela jaso ostean.
Orga Txapelketan ere bost izan dira jokoan izan diren sariak. Unai Goitia 23 urteko aulestiarrak ezustekoa eman du, eta Ousmane Drame faborito nagusiari gailendu zaio. Goitiak lau buelta, 1/4, bi metro eta 75 zentimetro egin ditu txapela janzteko. Asko hurbildu zaio Ousmane, lau buelta bost metro eta 53 zentimetro egin baititu Ginean jaiotakoak. Hirugarren postuan, lehiatzen lehena izan den Ibai Lopez elorriotarra izan da, hiru buelta pasatxo eginez. Laugarren postuan bi plaza eta erdi eginda Eloy Salterain geratu da, eta bostgarren postua Igotz Ardeona izan da.
Goitiak 200 kilotako organ zeukan marka pertsonala gainditu, eta hau ere “oso pozik” agertu da egindako lanarekin. Bere helburua hiru buelta egitea zela azaldu du, baina “erraz” gainditu du marka, eta gehiago egin zezakela esan dioten arren, harro egon da egindako lanarekin.