Hamar negozio berri zabaldu dira Bermeon, Lokalbide programari esker
Programa honen helburua da Alde Zaharra ekintzaileentzako gune erakargarria bihurtzea, jarduera ekonomikoa sustatzea eta Alde Zaharra biziberritzea.
2022. urtean, Lokalbide programari esker, hamar negozio berri zabaldu dira Bermeon. Udalak 2021an jarri zuen aipatu programa martxan, eta, ordutik, hamabost negozio berri jarri dira Bermeon. Programa honen helburua da Alde Zaharra ekintzaileentzako gune “erakargarri” bihurtzea, jarduera ekonomikoa “sustatzea” eta Alde Zaharra “biziberritzea”.
Ekimen honen bitartez, negozioak martxan jartzeko baldintza jakin batzuk betetzen dituzten herriko Alde Zaharreko lokal hutsak identifikatzen ditu Bermeoko Udalak. Lokalak identifikatzen direnean, hauen jabeei programara atxikitzeko proposamena egiten zaie, eta atxikitutako lokal horiek ekintzaileen eskura jartzen dira, euren negozioak bertan garatu ditzaten. Hau da, udalak bitartekaritza lana egiten du, jabeei euren lokalak alokatzeko laguntza eskainiz, eta ekintzaileei negozioak zabaltzeko edo bertara mugitzeko aukera eta laguntza ekonomikoa emanez. Hori guzti hori lortzeko eta negozioak Alde Zaharrera “eramateko interesa pizteko”, udalak 34.980 euro bideratu ditu diru-laguntzetan. Laguntza horiek ekintzaileei eman zaizkie, eta haiek, alokairuaren parte bat ordaintzera bideratu behar dituzte laguntzak.
Merkataritza zinegotzi Kepa Zumetak adierazi du “oso pozik” daudela Lokalbide programarekin. Udaletik aurreratu dute Lokalbide programa garatzen jarraituko dutela datozen urteotan ere. Gainera, ekintzaileentzako hobari fiskalak eskaintzen ere jarraituko dute. “Gure helburu estrategikoetako bat da Alde Zaharra biziberritzea eta gune bizia izatea. Hori garatzeko, bertan datozen hilabeteotan egingo ditugun lan urbanistikoez gain, Lokalbide bezalako programak martxan jartzen jarraituko dugu. Alde Zahar bizi bat izateko beharrezkoa da negozioak bertan egotea eta ekintzaileentzako gune erakargarria izatea”, azaldu du Zumetak.
Hauek dira 2022an zabaldutako negozioak: Itsasontzien alokairua–patroiarekin edo patroi gabe– (Nardiz tar Benanzio, 15. ), souvenir denda (Arresi, 5.), artea, diseinua eta lore-dekorazioa (Ertzilla, 2. ), Afrikako produktuen elikadura-denda (Etxebarria tar Kresentzi, 18.), azazkalen estetika-zentroa (Nardiz tar Jon, 33 eta Etxebarria tar Kresentzi, 12), bizartegia (Nardiz tar Jon 63. ), apartamentu turistikoen kudeaketa (Erremedio, 24. ), maskoten auto-garbiketa integrala (Nardiz tar Benanzio, 15. ), eta burdin-bobinen salerosketa eta burdina erosteko aholkularitza zerbitzua (Arresi, 18. )