Addar Taldea: "Gordinik diskoak bi urtetan egindako lana batzen du"
Oraindik Durangoko Azokako aje emozionalagaz daude Addar Musika Taldekoak: 'Gordinik' diskoa aurkeztu dute bertan, eta "oso pozik" daude eduki duen harreragaz.
Nola joan zaizue Durangoko Azoka?
Gorka Padrones: Guretzako azoka on bat izan da. Pandemia garaiko egoera gainditutzat eman da; egoera normaldu da, baina egoera normal hau egokia den ala ez eztabaidatzeko gaia izan daiteke. Hala ere, jendea gogoekin ikusi dugu, eta polita da urtean ikusi ez dugun jendeagaz topatzea.
Mikel Omagogeaskoa: Gure diskoa ondo saldu dugu azokan. Gainera, kontzertuetaz gozatu, talde berriak ezagutu eta beste artista askogaz hitz egiteko aukera eduki dugu.
Gordinik diskoa aurkeztu duzue bertan. Nolako lana da?
M.O.: Momentu baten ere jausten ez den disko dinamiko bat da. Jendea aspertu ez dadin, gorabeherak dituen lan bat da, eta rockaren arlo desberdinak hartzen ditu; abesti batzuek rock-punkerantz egiten dute eta beste batzuek baladarantz. Publiko zabalago batengana heldu gaitezke; espektro zabalagoa hartzen du.
Ze iritzi eman dizute abestiak entzun dituztenek?
G.P.: Orokorrean, gustatu zaien lan bat da. Erreakzioak nahikoa bitxiak izan dira, bakoitzari abesti desberdin bat gustatu zaiolako. Ez dago besteen gainetik destakatzen duen lanik. Abestiak beraien artean horren desberdinak izateak eragiten du iritzi abaniko hori.
Zeintzuk dira Errautsak diskoagaz dituen desberdintasun nabarmenenak?
G.P.: Eboluzio natural bat egondela esan genezake. Kasu batzuetan abesti sinpleagoak egin ditugula uste dugu, eta asko zaindu ditugu detaile txikiak. Kañeroagoa, zuzenagoa eta melodikoagoa da.
Zein da diskoaren intrahistoria?
M.O.: Abestietako asko aurreko diskoa grabatu eta jarraian sortutakoak dira. Hala ere, ateratako abestiek eboluzioa handia izan dute, ez dute zerikusirik hasiera batean zirenagaz.
G.P.: Kontuan izan behar da abestietako batzuk 2020ko neguan konposatu genituela eta azkenak irailean konposatu ditugula. Diskoak urte bitan egindako lana batzen du.
Nola dago zuzenekoen kontua?
M.O.: Nik uste dut talde guztiak egon garela pandemiaren amaieraren zain lan guztiak ateratzeko. Horrek kolapso bat eragin du, eta momentu honetan oso zaila da kontzertuak lotzea.
G.P.: Gainera, autogestionatutako espazioak gero eta zailtasun gehiago ari dira izaten. Gero eta gune gutxiago daude eta talde asko gaude gure lanak aurkeztu nahian. Konbinazio txarra da.
Bideoklipak egindakoak zarete. Ba al daukazue horrelako zerbait egiteko asmorik?
M.O.: Momentu honetan ez daukagu ezer pentsatuta, baina etorkizun baterako ideia on bat izan daiteke. Momentu honetan kontzertuak lotzen gabiltza buru-belarri eta, gainera, laster aterako dugun merchandising-agaz ere bagabiltza lanean.
Taldekide gehienak Zona Zero taldetik zatozte. Nolako eragina eduki du talde horrek Addarren?
G.P.: Zona Zero musika munduan lehenengo pausoak emateko bidea izan da. Bertan ikasi ditugun gauzak Addarren aplikatzen ditugu. Musika arloan egunero dago zerbait ikasteko, eta Zona Zero kontzertuak egiteko orduan edota grabazio lanak nola egiten diren ikasteko bidea izan da. Asko ikasi genuen proi-
ektu horretan.
Gorka, nola hartu zenuen Xabik taldea uztea?
G.P.: Oso gogorra izan zen. 14 urte nituela hasi nintzen Xabigaz batera jotzen, eta kolpe gogorra izan zen albiste hori jasotzea. Hala ere, Mikelek lehen unetik erakutsi zigun oso konprometitita dagoela, eta gaur egun hori aurkitzea oso zaila da. Oso pozik gaude beragaz.
Laurok «rock gogorraren» zaleak zareten arren, bakoitzak bere gustuak ditu. Nola uztartzen duzue hori zuen lanetan?
G.P.: Abestiaren oinarriak Beñat edo nik egiten ditugu, eta jarraian lokalean elkarbanatzen ditugu denon iritziak entzuteko. Ez da borroka handirik egoten, badakigulako nondik jo behar dugun. Bakoitzak bere infueltziak dituen arren, argi daukagu gauza bat dela Addarrentzat konposatzea eta beste bat entzutea gustatzen zaiguna.
M.O.: Desberdintasun handiena da Beñaten abestiak Gorkarenak baino zuzenagoak izaten direla. Tenpo arina eta punk ikutua izaten dute. Baina ez da arazo handirik egoten gure artean.
Azkenengo urteetako joera single-ak ateratzea da. Zergatik egin duzue diskoaren aldeko apustua?
M.O.: Pare bat arrazoi izan ditugu erabaki hori hartzeko. Lehenengoa, abesti nahikotxo genituela konposatuta eta zuzenekoetarako abesti berriak sartzeko gogoa geneukala. Eta, bestetik, Gor diskografikagaz daukagun konpromisoagatik. Beraiekin atera ditugu azken bi diskak, eta harreman ederra daukagu.
G.P.: Hala ere, etorkizun batean ez dugu bazteretzen estrategia hori erabiltzea. Egia da garestiagoa dela, abesti bakoitzerako kartel bat eta bideoklip bat ordaindu behar duzulako, baina aztertzeko daukagun zerbait da.
Zertarako erabiltzen dituzue sare sozialak?
G.P.: Gaur egun sare sozialik ez baduzu, ez zara inor talde bezala. Gure musika entzunarazteko, publizitatea egiteko edo kontzeruetara jendea hurbiltzeko tresna bezala erabiltzen ditugu. Komunikazio zuzena eskaintzen du, eta kontzertuak lotzeko orduan ere oso lagungarriak izaten dira.
Nola ikusten duzue Busturialdeko eszena?
G.P.: Musika mugimendu handia dago Busturialdean. Areto autogestionatuak ditugu Gernikan zein Bermeon, eta hori oso aberasgarria da.
M.O: Musika eskaintza interesgarria daukagu. Halaber, pena handia ematen dit herri txikietako gaztetxeak eta estiloko guneak ez dabiltzala programatzen. Talde berrientzat horiek dira plaza egokienak, eta aukera hori ez edukitzea pena bat da.
Addarrek euskeraren aldeko apustu sendoa egin zuen. Horrela jarraituko al du?
M.O.: Taldekideak Zona Zero proiektuagaz konturatu ziren gaztelaniaz abesteak ate asko ixten zituela Euskal Herrian. Hasieratik hartu zen erabaki bat da, eta horrela jarraituko du izaten.