Bihar zabalduko dute Oiz Erronkako izen ematea
2023ko Oiz Erronka zikloturismo martxarako izen ematea bihar zabalduko dute. Lehen 300 izen emateek eta bost pertsonatik gorako taldeetan izena ematen dutenek prezio murriztua edukiko dute.
Bihar zabalduko dute 2023ko Oiz Erronka txirrindulari martxan izena emateko epea. Aixerrotape Zikloturista Taldeko antolatzaileek azaldu dute lehendabiziko 300 inskripzioek prezio txikiagoa ordainduko dutela; horrez gain, bost lagunetik gorako taldeentzat tarifa berezia edukiko dute datorren urtean, berezitasun legez.
Izena ematen lehen 300ek 35 euro ordaindu beharko dituzte, federatuak baldin badira; federatuta ez daudenentzako prezioa 40 eurokoa izango da. Bost pertsonatik gorako taldeei dagokienez, horiek ere 35 euroko prezioa edukiko dute, federatuta egon zein ez. Ekainaren 17an egingo duten Oiz Erronkak aurtengo marka gainditzea izango du helburu; aurtengoan, hain zuzen ere, 700 bizikletazale inguruk parte hartu zuten, eta ekitaldi “oso arrakastatsua” izan zela adierazi zuten antolakuntza lantaldetik.
Bestalde, aurtengo formatuari eutsiz, datorren urteko martxan ere profil denetara egokituriko hiru ibilbide egongo dira eskuragarri. Laburrenak 72 kilometro eta 1260 metro positiboko desnibel metatua edukiko ditu; tartekoak, 128 kilometro eta 2190 metroko desnibela; luzeenak, ostera, 164 kilometro eta 3120 metroko desnibela. Hiru ibilbideak Busturialdeko nahiz Lea-Artibaiko lurraldetik pasatuko dira.