Bederatzi gau hotzetan murgiltzeko prest daude Gernikako Marijesiak
Gaueko errondak barikuan hasiko dituzte, eta "denen poztasunerako" kale bazterrak koplaz betetzeko prest daudela adierazi dute marijesiek. Herritarren ekarpenak bilduko dituzte abenduaren 24ko goizeko errondetan, eta batutakoa Etorkizuna Musiketan taldearentzako izango da, oraingoan ere.
Azken asteetan entseatu eta gero, kalera ateratzeko ordua ailegatu zaie Gernika-Lumoko Marijesiei. Tradizioa jarraituz, errondan aterako dira, eta Gabon aurreko bederatziurrena beteko dute beste urte batez. Gaueko errondak barikuan hasiko dituzte, eta “denen poztasunerako” kale bazterrak koplaz betetzeko prest daudela adierazi dute.
Aurtengo koplak Iñaki Gonzalez, Denis Azkarate, Jose Antonio Uriarte, Fernando Astoreka, Ane Miren Arejita eta Alex Uriarte bakarlarien ahotsetatik helduko dira, eta ondoan izango dituzte Marijesien taldea osatzen duten kideak, euren koplei erantzuteko prest. Hala, bederatzi gau hotzetan bazterrak berotzen ibiliko dira. Gernika-Lumoko “ahalik eta leku gehienetara” heltzeko helburuari eutsiko diote oraingoan ere.
Lurgorrin egingo dute aurtengo lehenengo erronda, eta auzo hori bisitatuko dute baita ere abenduaren 18ko goizalean, 22koan eta 24koan. Errenterian abenduaren 17ko, 20ko eta 23ko goizaldeetan egingo dituzte errondak, eta Tiloetatik ibiliko dira abenduaren 19ko eta 21eko goizaldeetan.
Denis Azkarate izango da lehenengo goizaldeko bakarlaria, eta honako hau ibilbidea: Andra Mari eliza-Allende Salazar-Santa Klara-Zearreta-Frai Martin Murua-Iturriondo-Iturriondo plaza-San Jose auzunea-San Frantzisko-Mestikabaso-Urremendi-Lurgorri-Araba-Gipuzkoa-Arana auzoa-Rotonda-Iparragirre-Gurutze Gorria-Juan Kaltzada-Alondegia-Industria-Picasso-Merkurio-Artekalea-San Juan-Barrenkalea-Andra Mari-Domingo Alegria plaza-8 de Enero-Adolfo Urioste-Iparragirre-Loizaga-J.A. Agirre plaza-Don Tello-San Roke-Domingo Bernaola-San Juan-San Juan Ibarra-Urkieta-Carlos Gangoiti-Txorraburu-Pedro Elejalde-San Juan-Goienkalea.
Dirua, laguntza sozialerako.
Urtero legez, herritarren ekarpenak bilduko dituzte marijesiek abenduaren 24ko goizeko errondetan. Aurreratu dutenez, oraingoan ere, dirua Etorkizuna Musiketan taldeari emango diote. Kultur inklusiboko proiektua da, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan bizi diren edota gizarte bazterkeria jasateko arriskuan dauden hainbat kulturatatik etorritako haur eta nerabeen integrazioa bilatzen duena. Integrazio lana eta dinamizazio sozio hezitzailea garatzen ditu taldeak, umeekin osatutako orkestraren bidez.
EGUTEGIA:
- Lurgorri: Abenduak 16, 18, 22 eta 24.
- Errenteria: Abenduak 17, 20 eta 23.
- Tiloak: Abenduak 19 eta 21.