2023ko udal egutegia aurkeztuko dute Gautegiz Arteagan, domekan
13:00etan aurkeztuko dute udaletxean, eta astelehenetik aurrera etxe guztietan jasoko dute.
Gautegiz Arteagak udalerriko altxor ezkutuak erakusten dituen 2023ko udal egutegia aurkeztuko du domekan; 13:00etan aurkeztuko dute udaletxean, eta astelehenetik aurrera etxe guztietan jasoko dute.
Aurten ere, argazki lehiaketak izan duen parte hartze handia nabarmendu du udalak. Izan ere, gutzira 48 pertsonek parte hartu dute lehiaketan, eta 120 argazki baino gehiago aurkeztu dituzte. Guztien artean 29 hautatu dituzte: bat azalerako, 12 hilabete bakoitzerako, eta 16 formatu txikiagoko argazkientzako.
“Urtero berresten dugu lehiaketa honek herrian hartu duen garrantzia, bai parte hartzeagatik, bai irudien kalitateagatik”, adierazi du Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak. Aurtengo gaia “oso berezia” izan dela gaineratu du, udalerriaren edertasuna agerian uzteko aukera eskaintzen zuelako: Altxor Ezkutuak.
Zehaztu du argazki horietako batzuk udalerriko turismo webgunean argitaratuko dituztela, edonork ikusteko: “Gure herria eta gure ondare kultural eta naturala miresteko eta ezagutzeko aukera eskaintzen dugu horrela. Gaur gaurkoz, aurreko edizioetako argazkiak daude ikusgai, herritar guztion artean osatzen dugu komunitate aktiboaren espiritua eta inplikazioaren erakusle”.