Bermeoko Udaleko Gizarte Ongizaterako Sailak ‘Gorputza martxan’ eta ‘Burua martxan’ programak eskainiko ditu 2023an ere
Taldeetan lehentasuna izango dute 75 urte edo gehiago duten herritarrek, menpekotasun egoera gradu I dutenek edo senitarteko jagole direnek.
2022an bezala, Bermeoko Udaleko Ongizaterako Sailak nagusiei zuzendutako Gorputza martxan eta Burua martxan programak eskainiko ditu datorren urtean ere. Programa bien helburua da zahartze aktiboa sustatzea. Zehatz esateko, Burua martxan programaren helburua da galera kognitiboa ekiditea, eta Gorputza martxan programarena, berriz, galera fisikoa ekiditea.
Eskaintzak biak doakoak dira, eta plaza mugatuak dauzkatenez, parte hartu nahi duten pertsonek abenduaren 20an egingo duten zozketan izena emanda izan beharko dute.
Zozketa horretan parte hartzeko, abenduaren 19a (astelehena) baino lehen izena eman beharko da. Horretarako, 675916856 zenbakira deitu daiteke, astelehenetik barikura, 09:15etatik 14:15etara.
Zehaztu dutenaren arabera, taldeetan lehentasuna edukiko dute “75 urte edo gehiago duten herritarrek, menpekotasun egoera gradu I dutenek edo senitarteko jagole direnek”.
Saioak, astero. Burua Martxan programan 24 pertsonak parte hartu ahal izango dute, bi taldetan banatuta: “Parte hartzaileek 55 urtetik gorakoak izan beharko dute eta ezingo dute buruko gaixotasunik izan”, azaldu dute udal ordezkariek. Astean bi saio osatuko dituzte; astelehen eta eguaztenetan batuko dira, ordu eta erdiko saioetan.
Gorputza Martxan programan, ostera, astean ordubeteko bi saio egingo dituzte, eta 60 pertsonak parte hartu ahal izango dute; lau taldetan banatuko dituzte: “Parte hartzaileek 55 urtetik gorakoak izan beharko dute eta ezingo dute gaixotasun fisiko larririk izan”.