Gernika BHIko irakasleek hezkuntza publikoa, euskalduna eta propioa aldarrikatu dute
Jakinarazi dute institutuko irakasleen erdiek "gutxi gorabehera" egingo dutela bat biharko greba deialdiagaz. Hain zuzen ere, hezkuntza legearen aurreproiektuari ezezkoa adieraziko diote bihar, eta legea langileekin eraikitzeko eskatuko dute.
Gernika BHIko hainbat irakaslek hezkuntza publikoa, euskalduna eta propioa eskatzeko elkarretaratzea egin dute gaur, Gernikako Institutuaren aurrean, eta jakinarazi dute institutuko irakasleen erdiek “gutxi gorabehera” egingo dutela bat biharko greba deialdiagaz. Hain zuzen ere, hezkuntza legearen aurreproiektuari ezezkoa adieraziko diote bihar, eta legea langileekin eraikitzeko eskatuko dute.
ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek deitu dute greba: “EAErako hezkuntza lege aurreproiektuari ezezkoa esateko, gure eskaerak plazaratzeko eta Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera bidali beharreko behin betiko lege aurreproiektuan zein ondorengo Hezkuntza Legean eragin eta eskaera horiek jasoak izateko asmoz mobilizazio eta greba dinamika bat adostu dugu”.
Sindikatuek zehaztu dutenez, mobilizazio hauen helburua aldarrikapenak behin betiko aurreproiektuan zein Legean jasoak geratzea da; izan ere, hezkuntza lege aurreproiektuaren zirriborroa aztertuta, egungo hezkuntza “eredu duala betikotu eta gainditze bidean” jartzen ez duela “baloratu” dute sindikatuek. “Eta, aldi berean, sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea behar dugula partekatzen dute”, gaineratu dute.
Legean hurrengo aldarrikapenak jasotzea gura dute: publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea gura dutela, segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen legea nahi dutela, publifikazio marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea gura dutela, baita hezkuntza lege propioa nahi dutela ere. Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza legea aldarrikatu dute, euskara erdigunean jarriko duena, eta betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak izango dituena. Gehitu dute hezkuntza sistema osatzen duten langileen enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dutela, “merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik kanpo egongo dena”. Horrez gain, hezkuntza lege parte hartzailea nahi dutela diote langileek, “langileak aintzat hartuko dituena”.