Musicos Sin Fronteras elkarteak Guatemalako El Recuerdo Kooperatibagaz martxan duen proiektuan parte hartu du Segundo Olaeta Musika Eskolak. Hala, azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean, Kooperatibarekin batera, zuzeneko konexio baten bitartez, emanaldi txiki bat eskaini zuten.
Beste urte batez, Musicos Sin Fronteras elkarteak Guatemalako El Recuerdo Kooperatibagaz martxan duen proiektuan parte hartu du Segundo Olaeta Musika Eskolak. Hala, azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean, Kooperatibarekin batera, zuzeneko konexio baten bitartez, emanaldi txiki bat eskaini zuten musika eskolako ikasle zein irakasleek. “Plazer bat izan da berriro ere ekimen honetan parte hartzea”, adierazi dute musika eskolako ordezkariek.
Musika Eskolako kideek azaldu dutenez, El Recuerdo Kooperatibak kooperatibako kideentzako hobekuntza sozial eta ekonomikoa bilatzen du, baita Guatemalako hego ekialdeko eskualdearen ekitatezko garapen integrala sustatzea ere. Horretarako, herritarren partaidetza, erantzukizuna eta elkartasuna eskatzen duten proiektu eta jarduera produktiboak, ingurumenekoak, hezkuntzakoak eta sozialak garatzen dituzte.
Guatemalan 6.000 emakume eta 1.500 gizonekin duten proiektu handiari esker, herritarrak alfabetatu, Xinka eta Maya kulturak berreskuratu eta haurdun dauden, tratu txarrak jasaten dituzten eta hezkuntzan eta gizarte lanetan ahalduntzen diren emakume gazteak bildu eta babesten ditu.
Jakinarazi dutenez, kulturaren, artearen eta hezkuntzaren bitartez, erizaintzako eta tratu txarrei arreta berezia emateko eskola arautua eratu dute, eta hor ere emakumeak “ahalduntzen” direla diote.
Gaur egun, Xinca eta Poqoman hizkuntza berreskuratzeko eta emakumeak ahalduntzeko proiektuak garatzen ari dira, giza eskubideen defentsa azpimarratuz, eta, batez ere, genero indarkeria mota guztiak desagerraraztea, indarkeria fisikoa, sexuala edo ekonomikoa, besteren artean.