Auto bat erre dute goizaldean Mundakan
Astoga-Etxebarri auzoaren inguruetako aparkalekuan su hartu du ibilgailuak. Ertzaintzak adierazi du sutea "eragindakoa" izan dela. Mundakako Udalak elkartasuna adierazi die kaltetuei eta haien segurtasun arriskuan ikusi duten bizilagunei.
Mundakako Astoaga-Etxebarri auzoaren inguruetako aparkaleku baten zegoen auto batek sua hartu du gaur goizaldean (abenduak 13). Ertzaintzak esandakoaren arabera, “sutea eragindakoa” izan da. Mundakako Udalak elkartasuna adierazi die kaltetuei eta haien segurtasun arriskuan ikusi dutenei.
Udaletik jakinarazi dutenez, ez da kalte pertsonalik egon, gertakariaren lekutik “oso urrun” baitaude inguruko etxebizitzak. Udal ordezkariek “mezu argia” bidali diete, sutea eraginez “herritarren segurtasuna urratu eta herri osoaren lasaitasuna arriskuan jarri “dutenei: “Ez zaituztegu Mundakan nahi. Udalak bere esku daukan guztia egingo du ustezko egileak identifikatzeko, eta legez dagozkion ekintzak aurrera eramateko”.
Ertzaintzatik esan dute “autoa partzialki erreta” gelditu dela, eta argitu dute sutearen unean ez zegoela ibilgailurik aparkatuta inguruan, eta, beraz, ez dela beste ibilgailuetan kalterik izan.
Bestalde, udaletik esker ona adierazi diete herritarrei, “beraien kolaborazioagatik”, baita Ertzaintzaren zein Bizkaiko suhiltzaileen zerbitzuei ere “euren lan eta profesionaltasunagatik”.