Jostailu bilketa, "umeen eskubideak jokoan daudelako"
Umeen jolasteko eskubidea bermatu gura du Bizkaiko Gurutze Gorriak, eta hori bultzatzeko 'Jostailu hezitailea' ekimena abiatu du beste behin. Abenduaren 16an eta 17an Gernika-Lumoko Eroskin gaituko dute jostailuak uzteko tokia, 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:30era.
Jostailurik bariko umerik ez egoteko, beste urte batez, umeen jolasteko eskubidea bermatu gura du Bizkaiko Gurutze Gorriak, eta hori bultzatzeko jostailu bilketa abiarazi du: Bere Eskubideak Jokoan. Helburua da Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako jostailuak batzea eta haurren oinarrizko eskubidea bermatzea. Urtarrilaren 4an amaituko den kanpainagaz bat egin du Lointek Gernika Bizkaiak.
Gizarte zailtasunak eta beren kargura haurrak dituzten familiei jolas eta jostailu berriak eman ahal izateko abiatu dute kanpaina. Izan ere, Gabonetan, haur eta gazte askok jasotzen dituzte euren garapenerako horren garrantzitsuak diren jolasak. Baina, familia askorentzat ez da erraza izango tresna eta baliabide horiek etxean edukitzea, eta horiengan eragin gura dute.
Egunetik egunera, Gurutze Gorriak artatzen dituen familia askoren “egoerak okerrera” egin du, inflazioaren eta krisiaren ondorioek eraginda, eta, ondorioz, kanpainak are eta “garrantzia handiagoa” hartu duela diote, “haur eta gazte horiek jolasteko zailtasunik ez izatea bermatu nahi den testuinguru honetan”. Izan ere, haur eta gazteentzako aisialdi iturri izatez gain, euren komunikazio abileziak hobetzen edo elkarren artean erlazionatzen laguntzen diete jostailuek.
Hala, txikienei onurak eragiten dizkien jolasak bermatu gura dizkiete Gurutze Gorrikoek, balioen transmisioa sustatzeko. “Jolasa haurren oinarrizko eskubidetzat hartzen da, eta txikienei eragiten dizkien onurak transmititu behar ditugu”, adierazi dute arduradunek.
Premisa hori oinarri hartuta, Bizkaian 5.000 joko eta jolas biltzea da helburua, betiere berriak, ez sexistak eta ez belikoak badira, eta, ahal dela, hezigarriak. Jasotako jostailuak berriak izango dira, izan ere, jostailuen segurtasunari buruzko Europako araudiak jostailuen kalitatea bermatu behar dela exijitzen du, eta hori “ezin da bermetu” erabilitakoekin. Horiekin, jolas osasungarri eta aberasgarriak sustatu gura dituzte, kalteberatasun egoeran dauden eta jolaserako eskubidea bermatuta ezin duten 2.000 haurren familiei laguntzeko.
“Jolasa eskubidea da, eta horrela dago jasota haurren eskubideetan”, gogoratu dute Gurutze Gorrikoek. Hain zuzen ere, eskubide hori haur guztiei bermatzea da euren asmoa. “Gurutze Gorriak uste du edozein haurrek eskubidea duela eta merezi duela jostailu berri bat jasotzea, inolako bereizketarik egin barik, duintasun eta desio berbetarak dituztelako”, azaldu dute.
Jostailu ez beliko, ez sexista eta hezitzaileak bilatu gura dituzte, haurren artean errespetu eta lankidentza jarrerak bultzatzeko. “Jolasaren bidez ezagutza eta portaerak berenganatzen dituzte, eta haurrek jostailu hezitzaileak erabiltzea sustatzen badugu, hainbat balio bultzatuko ditugu; hala nola, sorkuntza, tolerantzia, dibertsitatea, errespetua edo berdintasuna”.
Bilketa puntuak.
Jostailuak Gurutze Gorriko egoitzetan entreagatzeaz gain, ekarpenak egiteko beste bide batzuk jarri ditu Gurutze Gorriak: ekarpen ekonomikoak jasotzeko bidea zabaldu du. Ekarpena egiteko telefono zenbakira deituta (900 10 49 71), 38088 zenbakira mezuan ‘Jostailua’ hitza jarrita –3 euroko ekarpena da–, edota 38061 zenbakira Bizuma bidalita –gutxienez 5 euro– jasoko dituzte ekarpenak. Zehaztu dutenez, bildutako diru guztia jostailuak erosteko erabiliko da.
Hala ere, abenduaren 16an eta 17an Gernika-Lumoko Eroskin gaituko dute jostailuak uzteko tokia, 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:30era, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete. Bertan egongo dira kanpainan parte hartzen ari diren 250 boluntarioetako batzuk, establezumenduetako edo enpresa laguntzaileetako bezeroen dohaitzak biltzen, eta jostailuak adinaren arabera aukeratzen eta antolatzen.