10etik 8,5 puntuko balorazioa eman diete erabiltzaileek Garbiguneei
Garbikerrek Garbiguneak erabili zituztenen artean egindako inkesta baten ondorioa da hori; azterlanak zerbitzu horren indarguneak eta ahulguneak ere aztertzen ditu. Garbiguneetan lan egiten duten langileen adeitasuna eta aldez aurreko jarrera (9 puntu) da gehien baloratu dutena.
Bizkaiko Garbiguneen erabiltzaileek 10etik 8,5 puntuko bataz besteko nota eman diete Garbiguneei, eta aldundiko ordezkariek jakinarazi dutenez, kalifikazio horrek nabarmen gainditzen du zerbitzuaren balorazioaren Europako bataz bestekoa, 7,4koa dena. Hain zuzen ere, Garbiguneetan lan egiten duten langileen adeitasuna eta aldez aurreko jarrera (9 puntu) da gehien baloratu dutena; instalazioen garbiketak eta kokapenak –8,7ko puntuazioa jaso dute biek– eta edukiontzien kokapenak (8,6) nota “ona” jaso dutela diote arduradunek.
Horiek dira, Garbikerrek urriaren 7an, 8an eta 9an Basauriko, Durangoko, Erandioko, Gernika-Lumoko eta Santurtziko instalazioak erabili zituztenen artean egindako inkesta baten ondorio nagusiak; azterlanak zerbitzu horren indarguneak eta ahulguneak ere aztertzen ditu.
Indarguneen artean, inkestatutako pertsonek Garbiguneen kokapena (% 30,3), langileak (% 20), zerbitzu osoa (% 15,3), iriste erraztasuna (% 8,8) eta instalazio horietara bota daitezkeen hondakinen askotarikotasuna (% 3,5) nabarmendu dituzte.
Zerbitzuaren puntu ahulei dagokienez, % 23k uste du ez dagoela puntu ahulik eta % 26,3k ez dakite edo ez diote erantzun galdera horri. Ahulguneak daudela uste dutenen artean, berriz, zerbitzuaren ordutegia (% 12,3), autoz iristeko sarbideak (%4,8) eta gutxi seinaleztatuta egotea (% 4) aipatu dituzte.
Azterlan soziologikoak erakutsi du Garbiguneak erabiltzen dituzten hamar pertsonatik seik ziurtatu dutela euren eragin eremuan kontrolik bariko isurketak daudela, eta horien artean, ohikoenak altzarien (% 40) isurketak direla; obra hondakinen (% 18,8), hondakinen baturen (% 9,2), etxetresna elektrikoena (% 5,4) eta koltxoien (% 4,2) isurketek jarraitzen diete.
Garbiguneei buruzko ezagutzari dagokionez, 10etik 6k (% 62,5ek) ez dakite Garbigune mugikorren zerbitzurik dagoenik. Eta ezagutzen dutenek 10etik 8,42ko nota eman dio zerbitzuari. Horien artean, % 44,2k uste dute Garbigune mugikorren zerbitzu horri buruzko informazioa nahikoa dela, baina % 42,9k diote ez dela nahikoa.
Zerbitzuaren erabileraren maiztasuna, berriz, “noizean behinekoa” da, erabiltzaileen % 82,3rentzat.
Erabilera ohiturak.
Zerbitzu hori erabiltzen dutenen bataz besteko profila 46 eta 60 urte bitarteko gizona da, bataz beste 3,9 kilometro mugitzen dena. Zapatu eta barikuetan hurbiltzen dira gehien bat, eta Garbigunera joateko egingo luketen distantziari buruz galdetuta, adierazin dute distantzia hori gehienez 9 kilometrokoa izango litzatekeela.
Inkestatutako pertsona gehienek diote etxeko birziklatzearen arduraduna familiako kide guztiak direla (% 57,6), eta horrek esan gura du erantzukizun hori partekatzen dutela. % 89,8k diote etxean “ahal duten guztia” birziklatzen dutela, eta gehien birziklatzen duten hondakinen artean plastikoa (% 75,5), papera eta kartoia (% 63,3), beira (% 54,3), organikoa (% 22), sukaldeko olioa (% 18,3), pilak (% 12,3) eta tresna elektrikoak (% 8,3) daude. Era berean, %84,5ek dio ez dutela birziklatu ezin duen hondakinik sortzen edo edukitzen.