Azken txanpan galtzearen mina
Lointek Gernika Bizkaiak 68-65 galdu du Reyer Veneziaren aurka, EuroCup Women txapelketako bosgarren jardunaldiko partiduan. Gernika-Lumoko taldeak H multzoko bigarren postua Movistar Estudiantesen kontra jokatuko du, 12 puntuko aldeagaz. Bihar, ostera, ligako partidua jokatuko dute, kanpoan, Valencia Basket Cluben aurka.
Lointek Gernika Bizkaiak aurtengo denboraldian urratsak aurrera egiten ari dela frogatzeko asmoz ekin zion atzo Reyer Venezia taldearen aurkako partiduari, EuroCup Women lehiaketako bosgarren jardunaldiko itzulikoan. Guztia alde izatetik guztia galtzera igaro ziren, etxekoek azken txanpan 68-65 eskuratu baitzuten partidua. Anna Montañana entrenatzaile valentziarraren jokalariek hasiera-hasieratik nortasuna eta lehiakortasuna erakutsi zituzten, 2-8ko markagailuagaz aurrea hartuz; veneziarrak italiar ligako azken bi norgehiagoketetan porrotak jasotzetik zetozela probestu gura zuten gernika-lumotarrek. Lehen minutuetan eman ziren egoerak nahiz dinamikak bikain interpretatu zituzten, eta baloiaren zirkulazio ezinhobea erakutsi zuten, lehen laurdenenan nagusi izateko: 8-18.
Bigarren laurdenean, talde bien defentsak erasoaldiei gailendu zitzaizkien. Julie Wojtak eta Sofia Da Silvak falta pertsonal bi egin zituzten eta, ondorioz, bere ohiko intentsitatetik urrun aritu behar izan ziren; hori baliatu zuen Awak Kuierrek, min egiten saiatzeko. Andrijana Cvitkovicek barrualdeko errotazioetan lan handia egin zuen, taldearen azken fitxaketa, Patricia Bura, oraindik ez baitzegoen jokatzeko prest. Horrek guztiorrek eragin zuen Reyer Veneziak markagailuan gora egitea; 29-35ekoagaz joan ziren atsedenaldira.
Aldageletatik itzultzean, Lointek Gernika Bizkaiak lehen minutuetako gidoiari eustea erabaki zuen. Kantxaren kanpoaldean, Brooque Williams estatubatuarrak aldeak egin zituen, maila itzelean; hain zuzen ere, bere hiruko jaurtiketa baten saskiratzeak italiarren hutsartea eragin zuen, 34-43ko markagailuagaz. Etxekoen erantzuna segituan ailegatu zen: beste hiruko bat bueltan. Orduantxe, Cvitkovicek eta Laura Spreaficok beren maila erakutsi zuten, eta errenta hamar puntura eroan zuten: 42-52.
Luzapenera. Reyer Veneziak argi eta garbi utzi zuen etxekoen aurrean azken unera arte aurpegia emateko asmoa zuela, Jessica Shepard jokalariaren hutsunea igarri zuten arren; laugarren laurdenean 6-0ko partziala lortu zuten, 48-52ra hurreratuz. Partzial hori, jarraian, 11-0raino hazi zen. Lointek Gernika Bizkaia, bere aldetik, ez zen gai izan erasoaldiak kudeatzeko, eta laurden horretan norgehiagokak eskuetatik ihes egin zien Malostekoei. Etxekoak 54-52 aurreratu ziren, 14-0ko partzial harrigarriagaz; laurden horretako sei minututan, Gernikak ez zuen lortu punturik egiterik. Spreaficoren hirukoak eten zuen lehortea. Kuierrek, baina, saskipean Reyerrentzat puntuatzea lortu zuen, eta partidua, 60-60koagaz, luzapen denborara joan zen.
Bost minutu gehigarri haietan, Lointeki indarra falta izan zitzaion, eta hori, esate baterako, jaurtiketa kopuruan igarri zen. Nolanahi ere, etengabe saiatu ziren italiarren saskira heltzen. Markagailuan puntu bi behetik kokatu ziren une batez, baina Kuierren lanak planak aztoratu zizkien Montañanaren jokalariei. Segundo biren faltan, Williamsek desesperaziozko jaurtiketa egin zuen saskira, baina baloiak ez zuen sartu gura izan, eta Reyer Veneziak 68-65 lortu zuen EuroCup Women txapelketako bosgarren jardunaldiko itzuliko partiduko garaipena. Lointekek, ostera, H multzoko bigarren postua Movistar Estudiantesen kontra lehiatu beharko du; Malostekoek, gaur-gaurkoz, 12 puntuko aldea daukate.
Bien bitartean, partiduan zurrunbiloak ez du etenik izango Gernikarentzat: asteburuan Emakumezkoen Endesa Ligan jokatuko dute. Valencia Basket Cluben kontra neurtuko dituzte indarrak bihar, La Fontetan. Norgehiagoka ligako hamaikagarren jardunaldiari dagokiona izango da, eta 19:15ean emango diote hasiera. Alderdi interesgarrienetako bat Patricia Buraren debuta ikusteko aukera edukitzea izango da; Zagrebeko jokalaria lehiaketa ofizialean Lointeken koloreak defendatuz bere estreinako minutuak lehiatzeko prest egon beharko litzateke. Valencia Basketi dagokionez, “Europa mailako talderik sendoenetako bat” dela adierazi dute Gernikatik. Bai valentziarrek, bai gernika-lumotarrek zazpi garaipeneko eta hiru porroteko bilakaera berbera izan duten, momentuz, aurtengo ligan. Lehia, beraz, ziurtatuta dago.