Ustekabeko bisitaria Oruetako paduretan
Ibilbide ozeanikoetan migratzen duen mendebal txori mokolodia ikusi dute Urdaibaiko Oruetako paduretan.
Mendebal txori mokolodia ikusi dute Urdaibaiko Oruetako paduretan. Ezohiko bisitaria izan da, izan ere, ibilbide ozeanikoetan migratzen duen txoria da, negua ere itsasoan bertan igarotzen duena.
Urdaibai Bird Centerreko adituek, baina, adierazi dute artikoko bere ugalketa eremutik milaka kilometrora ez dela bakarrik egon, azaroan zehar mendebal txori mokolodi “asko” ikusi direlako euskal kostaldean. Hala ere, hori “oso ezohikoa” dela ziurtatu dute.
“Hegaztien zentrotik bisitaria ikusi ahal izan genuen, uretako ornogabeez frenetikoki elikatzen eta Oruetako padurek eskaintzen zioten babeslekuaz gozatzen”, azaldu dute adituek.
Mendebal txori mokolodiek kanela kolorea izan ohi dute, moko horia eta koroa beltza; baina, neguan, guztiz desberdina da euren lumajea: grisak eta zuriak dira, eta begien inguruan kolore beltza nabarmentzen da.