Ligako talderik sendoenetako baten aurka
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak SilverStorm El Salvadorren kontra jokatuko du zapatuan, Valladoliden. Ligako hirugarren postuan dagoen aurkaria da, eta partiduak zailtasun maila handia edukiko du, ondorioz.
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak Ohorezko Mailako zazpigarren jardunaldiko partidua jokatuko du zapatuan, Valladoliden. SilverStorm El Salvador taldearen kontra indarrak neurtu beharko dituzte basurdeek, etxetik kanpo. SilverStorm El Salvador, hain zuzen ere, ligako talderik lehiakorrenetako eta sendoenetako bat da, Gernika RTko entrenatzaile Eduardo Maidaganek azaldu duenaren arabera: “Ohorezko Mailako erreferentziazko taldeetako bat da El Salvador; jokalari bikainak dituzte zentzu guztietan, eta ez da inolaz ere ogibide erraza haiei aurpegia erakustea, beren jokoa oso zapaltzailea izaten baita”.
Gernika-lumotarrak adierazi du Burgosen aurkako ligako azken norgehiagokan taldeak “urrats bat aurrera” egin zuela, garaipenaren jokotik aldenduta egon arren. “Jarrera aldetik, gustatu zitzaizkidan ikusi nituen dinamikak; jokalariek ez zuten etsi, eta Burgos egoera gaitzetan ipini zuten behin baino gehiagotan”. Gernika RTk, hain zuzen ere, badaki SilverStorm El Salvadorri irabaztea zer den; iazko denboraldian Valladolideko taldeak kolpe latza jaso zuen basurdeen partetik, etxekoek Urbietan garaitzea lortu baitzen.
Dena dela, Maidaganek adierazi du egoera gozoan dagoen taldea dela, egun: “Sailkapeneko hirugarren postuan kokatuta egoteak dena dio; lantaldean zenbait aldaketa egin dituzte, eta taldea are gehiago sendotu dute. Gu, geure aldetik, azken partiduetan min hartutakoak berreskuratzen saiatu gara, eta baita denboraldi hasiera honetan beren lepotan minutu ugari dituzten jokalariei atseden apur bat ematen ere”. El Salvadorren kontrako partiduaren ondoren, euskal derbia jokatuko du Gernika RTk, hurrengo asteburuan, Urbietan: abenduaren 18an, Ampo Ordizia talde gipuzkoarra hartuko dute.