Jon Ander Urresti bermeotarrak irabazi du Durangoko Azokako Sormen Beka
Bermeotarrak 15.000 euroko saria jaso du, eta urte bete izango du "Eucalyptus" izeneko proiektua gauzatzeko.
Jon Ander Urresti aktore bermeotarrak irabazi du Durangoko Azokako V. Sorben Beka. Eucalyptus izeneko proiektuarengatik eman diote saria. Bermeotarrak 15.00 euroko saria jaso du, eta datorren urteko azokara arte izango du proiektua gauzatzeko denbora.
Urrestik azaldu du proiektuaren helburua eukaliptoaren errelatoa kontatzea dela: “Zerbaitek esaten dit baduela zer esan gutaz. Azken finean gure paisaiaren parte da. Eta hori bilatzeko bide eta forma eszenikoa erabiliko dut, antzerkitik eta dantzatik gertu kokatu nahi dudan poetika batean”. Aktoreak adierazi du periferiako gai eta zalantzak plazaratu nahi dituela, “euren garrantzia politikoa eta urgentziazkoari buruz hausnartzeko asmoz”.
Eukaliptoa izango da, beraz, ikusentzunezkoaren protagonista. “Eukaliptoa aitzakia hartuta, gure lurren eta bizitzen kudeaketari buruz hausnartu nahi dut, zalantzak sortu. Izan ere, nire ustez, hori da artearen funtzioa. Gure inguruarekin erlazionatzeko dugun moduak gure izaeraz, gure garaiaz, gure joerez eta gatazkez hitz egiten duelako”, hausnartu du Urrestik.
Epaimahaiaren berbetan, proiektuak “ezustea, ezinegona eta harridura” sortu zien lehenengo kolpean. “Eukaliptoaren zabalkundearen metaforarekin harilkatu ditu egileak gogoeta berean monokultiboa, faxismoa, eta egun gure jendarteak kolpatzen dituzten kezka sozialak eta erronkak”, azaldu dute. Hain zuzen ere, planteamenduak eurengan sortu duen “mugimendua” publikoarengan ere sor dezakeelakoan daude: “Funtsean, gaiaren originaltasunak arrastoa utzi digu: eukaliptusari emandako balio metaforiko aberatsak, eta bertatik abiatuta gaurkotasunari lotutako hainbat gai jorratzeko testuinguru berezia sortzeko gaitasunak”. Nabarmendu dute Urrestik sortzaile modura izan dezakeen bilakaeran “pausu bat gehiago” izan daitekeela proiektua, “ahots eszeniko propio baten bila” dabilelako sortzailea.
Epaihamaia honako kideek osatu dute: Oier Guillan aktoreak, Leire Vargas idazleak, Jon Maya dantzariak, Arantza Arrazola Durangoko San Agustin Kulturguneko zuzendariak, Aurelie Pousset Hendaiako kultur programatzaileak eta Gerediaga elkarteko kide den Asun Elorriagak; azken horrek idazkari lana bete du.