Norbere herria, galderetan
Zenbait herritarrek Natxituketan trivial itxurako mahai jokoa sortu dute elkarlanean. Natxituari buruzko denetariko galderek osatzen dute jokoa. 80 ale ipini dituzte saltzen, eta guztiak agortu dituzte natxituarrek. Domekan egin zuten mahai jokoaren aurkezpen ofiziala, Natxituko Bolatokian, eta herritarrek erantzun bikaina eman zuten: Bolatokia lepo bete zuten, eta zahar nahiz gazte jokoan aritu ziren.
Arritxu Zelaia, Judith Aranburu eta Natxi Aranburu Natxituko plazan jesarrita zeuden, pandemia sasoian, herriari buruzko jakintzak zelan edo halan zabaldu behar zirela kargutu zirenean. Handik urte bira, Natxituketan mahai jokoa aurkeztu dute Bolatokian. Tartean, auzolana eta lan ordu ugari barnebiltzen dituen prozesua bizi izan dute, Natxituari buruzko xehetasunak modu dibertigarrian hauspotzea helburu duen jokoa sortzeko.
Natxituko berba eta esaera zaharrak biltzeari ekin zioten lehenengo. Zerrendak osatu zituzten, eta guztiak batuta kaleratu. Hura izan zen proiektuaren lehen hazia. Baina, jarraian, Leitzaketan jokoa ezagutu zuten, eta eredu hura Natxitura egokitu; horrelaxe jaio zen Natxituketan. Sortzaileen arabera, “herria modu dibertigarrian ezagutzeko bidea” da mahai joko hori. “Herriari buruzko denetariko galderak egin ditugu, denei zuzenduriko jokoa denez: batetik, historiari, hizkuntzari, herriaren iraganari edota azken urteei loturiko galderak daude; bestetik, aldiz, eguneroko kontu xume eta herrikoiei buruzkoak ere badaude”, argitu dute.
Dokumentazio lanari dagokionez, Esther Kortak Natxituari buruz idatziriko liburu bitik harturikoa, herritarren artean bildutako informazioa eta antolatzaileek beren kabuz batutakoa bereiztu dituzte. Uda orduko, dokumentazio beharrak amaituta zituzten, eta “entresaka lanak” egin behar izan zituzten. Guztira, Natxituketan 400 fitxako eta lau txartel takoko jokoa da. Parte-hartzaile bakoitzak galdera bat eta hiru erantzun dituen txartela jasotzen du; hiruotatik bi okerrak dira. Erantzun zuzena asmatzeak, hain zuzen, dadoa jaurti eta trivial itxurako ibilbidean aurrera egitera darama jokalaria. Ibilbide horretan herriko lau auzo nagusiak ageri dira. Banaka jokatzea ahalbidetzen duen jokoa da, gehienezko jokalari kopurua seikoa izanik. Talde sortzaileko kideek azaldu dute hasierako hiru pertsonako lantaldeari laugarrena gehitu zitzaiola, diseinua sortzerako orduan: Txaber Larreategi. Hark diseinatu zuen jokoaren estetika. Kolore horia eta urdina dira nagusi: “Urdinak itsasoa irudikatzen du; horia, ostera, erakargarritasunaren kolorea dela esan ohi da”. Larreategik itsasoa eta baserri giroa uztartu ditu.
Mezenasgoa, herrian bertan. Mahai jokoaren diseinua eta funtzionamendua zehaztu ondoren, hura ekoizteko bideen bila aritu zen talde sortzailea, eta aukerarik erakargarriena Natxituan bertan topatu zuten: Egoin enpresa. “Proiektua aurkeztu genien, eta begi onez hartu zuten. Produkziorako behar genuen 4.800 euroko aurrekontuaren gehiengoa beren poltsikotik atera zen, eta eskertuta gaude herriarekiko erakutsitako eskuzabaltasunagatik”. Behin produktua sortuta, baina, hurrengo urratsa natxituarrei helaraztea zen. Beraz, agertokirik onena aukeratu zuten: Andra Mari Jaiak. “Natxituko jaietan mahai jokoa ezagutzera emateko postua atondu genuen plazan, eta herritarrek egundoko erantzuna eman zuten”. Beste zenbait ale Eako udaletxean utzi zituzten, eta haiek ere “hegaz egin zuten”. Guztira, 80 ale plazaratu zituzten eta, gaur-gaurkoz, guztiak saldu dituzte, hogei euroko prezioan.
Sortzaileek “zeharo pozgarritzat” jo dute natxituarrek proiektuarekiko erakutsitako interesa: “Geure hausnarketa plazan bertan hasi zen, pandemia bete-betean; orain, oso pozgarria da hasierako egitasmo hark emandako fruituaren zabalkundea plazan, herriaren bihotzean, egin dela ikustea. Ekimen hau, zelanbait, natxituar guzti-guztiena da”. Mahai jokoaren aurkezpen ofiziala joan den domekan egin zuten, Natxituko Bolatokian. Hainbat eta hainbat herritar animatu ziren egitasmoaren nondik norakoak sortzaileek euren ahotik entzutera; gainera, guztien artean jokatzeko aukera paregabea ere eduki zuten. Zahar nahiz gazte aritu ziren natxituketan, beren herriari buruz zeinek gehiago jakin. Irabazleari herrian bertan eta eskuz egindako oroigarria eman zioten: “Lapatzako harriekin egindako ikurra izan zen, benetan polita”.
Herritarren erantzuna. 245 biztanle eduki arren, adierazi dute honezkero jasotzen hasiak direla Natxituketan-i buruzko lehendabiziko iritziak. “Herri txikia izanda ere, herritarrek interesa agertu dute, eta beren iradokizun edota ekarpen denak kontuan hartuko ditugu”. Dagoeneko igarri dute gazteenei asko gustatu zaiela. Nagusienen kasuan, hizkuntzak “esangura berezia” duela azaldu dute: “Hasieratik, bizkaieraz edo batuaz egiteko zalantzaz ibili ginen; azkenean, batura jo genuen. Hori ez da geurean hizkuntza eredurik ohikoena, esate baterako, adineko natxituarrentzat, baina bai, ostera, guztiei begira estandarrena“. Etorkizunera begira, ez dute baztertzen ale gehiago kaleratzea: “Argi dugu, gutxienez, beste hamar aleko eskakizun bat egin beharko genukeela”. Horrez gain, Natxituko etnografiagaz lotutako proiekturen bat aurrera eroatea ere aurreikusten dute, Natxituketan-ek utzitako hobariagaz. “Hori, baina, ez dugu uste 2024. urtea orduko izango denik”.